Haritz Alberdi izango da Getariako alkatea datozen lau urteetan

Intza Unanue Arruabarrena 2019ko ekainaren 15a

Eguardian osatu dute Getariako udala ordezkariek. 12:00tan hasi da bilkura, lehenik eta behin, adin mahaia osatu dute eta segidan, gainontzeko zinegotziek beren karguari zin egin diote, gehienek "legeak ala behartuta"  eta alkatearen aukeraketa hasi da. EH Bilduko hautetsiek Alberdiren aldeko boza eman dute, sei izan dira guztira. EAJko hautetsiek Aitor Urrestiri emandako bost botoak ez dira nahikoa izan alkatetza lortzeko. 

Haritz Alberdi (EH Bildu) izan da, beraz, Getariako alkatea gaurko kargu-hartzean boz gehien jasota. Nika Lertxundik pasa dio alkate makila Haritz Alberdiri emozio artean eta mahai kideei "zorte on" opa die eta aholku bat eman nahi izan die: "Ez ahaztu familia eta lagunak. Berak izango dira zuen deskantsu eta lasai gunea. Ez badituzue ahazten, herritarrak zuokin gogoratuko dira". Alkateak hartu du hitza jarraian, familiari eta lagunei eskerrak eman  eta getariaren alde gogor lan egingo dutela adierazi du. Amaiera emateko legealdi honetan "garrantzitsuak" izango diren hiru ideia aipatu ditu: "Politika hizki larriz idazten jarraituko dugu, dignifikatu beharra daukagu. Elkarlana bultzatuko dugu, herritar, eragile eta alderdien artean. Demokrazia parte hartzailean sakontzen jarraituko dugu. Azkenik, guk demokrazia parte hartzailean sakontzen jarraituko dugu. Kontzeptu garrantzitsu batekin nahi nuke geratzea denok: Hemen herriak agintzen du eta Gobernuak obeditu".

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide