'Elkano zeruertza' proiektuko ekintzak aurkeztu dituzte Donostian

Urola Kostako Hitza 2019ko eka. 11a, 11:23

Uztailaren lehenengo astean hogeitik gora ekintza egingo dira. Nagusiena uztailaren 6an egingo dena da: 100 itsasontziko estropada handi bat irtengo da Getxotik eta Hondarribitik, eta Getarian amaituko da.

Gero eta gutxiago falta da Elkanok mundu bidaia hasi zuenetik 500 urte ospatzeko, eta horren inguruan, Donostian egin zuten atzo bertan aurkezpena Matter itsasontziaren barruan. Elkanoren Zeruertza proiektuak balentria hura ospatzeko hainbat ekimen antolatu ditu uztailaren lehenengo asterako. Ekintza ikusgarriena Getariako portuan izango da, hain zuzen, uztailaren 6an estropada handiaren helmuga izango den tokian.

Dena den, Getariaz gain, Bermeon eta Bilbon ere egingo dira hainbat ekintza. Ekainaren 27an, esaterako, Bermeoko Arrantzaleen Museoan, Jose Antonio Azpiazuk hitzaldia emango du 19:00etan. Uztailaren 2an, berriz, Bilboko Itsasmuseumen Maria Dolores Higuerasek hitzaldia emango du. Artearen Historian katedraduna, urpekaria, itsas-arkeologoa eta, 2005ean erretiroa hartu zuen arte, Madrilgo Itsas Museoko zuzendari teknikoa izan zen. Ekitaldia 19:00etan hasiko da.

Uztailaren 5ean, ostiralen, hasiko dira lehenengo ekintzak Getarian. ‘SAIL IN’ jaialdiak ekonomia zirkularrari buruzko tailer bat eskainiko du arratsaldean, eta geroago, José Antonio Azpiazuk, Fernando Txuekak eta Patxi de la Hozek mahai inguru batean parte hartuko dute Elkano Arrantzaleen Kofradian.

Uztailaren 6an estropada
Getxotik eta Hondarribiatik irten eta Getariako portuan amaiera izango duen estropada izango da egun horretan. Bizkaiatik irteten direnak (9:30) Gaztelugatxen geldialdia egingo dute 11:00etan; bertan direla, txalaparta eta aurresku emanaldi bat eskainiko zaie ermitatik. Gainera, itsasontziek lore-eskaintza egingo dute. Hondarribitik irteten direnek berdina egingo dute Guadalupeko Santutegian, eta Getariara abiatuko dira 12:00etan. 100 itsasontzik euskal kostaldea zeharkatuko dute eta iristen joango dira 18:30ak arte.

Bitartean, Getarian ekitaldiak izango dira. Kaian karpa handi bat ezarriko da, ‘Elkanoren Zeruertza’ Eremua izenekoa, jardunaldi guztietan zehar topagune funtzioa beteko duena. Bertan, larunbateko 16:00etatik aurrera, ginkana handi bat antolatuko du Arazi taldeak, belaontzi bat eraikitzeko tailerra emango du Donostiako Aquariumak, musika animazioa izango da eta Pasaiako Itsas Arrantza Eskolak estropuen ekoizpen-tailer bat eskainiko du. Horrez gain, ‘Mater’ itsasontzi barruan film bat proiektatuko da.

Hurrengo egunean, Getariako txistularien diana batek emango dio jarraipena Juan Sebastian Elkanoren omenez antolatutako jarduera multzoari. Nabigatzaileek Kofradian sinadurak idatzi eta gero, marinel meza izango da Salbatore elizan eta Getariako nabigatzailaren monumentuaren aurrean lore-eskaintza egingo dute lau ontzidietako ordezkariek.

Doako bisitak ontzietara
Igande horretan, portuan egongo diren itsasontziak doan bisitatu ahalko dira: besteak, beste Juan Sebastián de Elcano Espainiako itsas armadaren eskola-ontzia, Lucretia bi marinel gipuzkoar gaztek berritutako belaontzi holandar ospetsua, eta  El Saltillo Portugaleteko Itsas Eskola Ofizialak (UPV/EHU) eraikia dena. Omenaldiaren azkeneko egun horertan ere tailer ugari eskainiko dira: itsasoan agertzen diren mikroplastikoen azterketa, Elkanori buruzko ipuin-tailer bat edo arraunen estropuei buruzkoa. Amaitzeko, ‘Mater’ ontziak film bat proiektatuko du itsasontzi barruan 17:00etan. Ordu horretan itsasontziak portutik irteten hasiko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide