Asteartean amaitu zen 2019ko antxoa kanpaina, Espainiako Arrantza Sailak baimentzen duen 20.600 tonako kuota arrantzatuta. Kantauri itsasoko flotak martxoaren 1ean hasi zuen antxoa denboraldia eta lau hilabete baino lehen amaitutzat eman dute. “Zorionez arraina badago itsasoan, eta kuotak ezartzen duen kantitatea harrapatu egin dugu ekaina bukaera baino lehen”, kontatu du Urrestik.
240 itsasontzik osatzen dute, Galiziatik Euskal Herrira arte, Kantauriko flota eta kanpaina horretan 160-170 ontzi inguru ibili direla aipatu du getariarrak. Uste baino lehenago eman diote amaitutzat antxoa harrapatzeari, nahiz eta maiatza hasieratik neurriak hartu zituzten. “Konturatu ginen kuotara behar baino azkarrago ari ginela heltzen, ondorioz, hainbat neurri hartu genituen. Adibidez, itsasontziek harrapatu zitzaketen kantitateak murriztu ziren, baita salmenta egunak ere”, gaineratu du.
Aurten, inoizko antxoa handiena harrapatu dutela ere nabarmendu du Urrestik. “Arazoa izan da gure kostaldetik urruti xamar egon dela, batez ere, Asturias eta Kantabria inguruan. Horrek zer ekarri du? Gure itsasontziek arraina harrapatu dutela, baina deskargak hango portuetan egin dituztela. Ondorioz, gure portuan salmenta gutxi egin da eta ez da mugimendu askorik egon. Hori noski, gure erosle eta kofradiarentzako kaltegarria da”, azaldu du.
Hala ere, kanpainaren balorazio positiboa egin du lehendakariak. “Arrantza ongi egin da, eta Kantauri itsasoa ere osasuntsu dago, baina ekonomikoki kanpaina hobeagoa izan zitekeen”. Denboraldiaren azken egunetan, esaterako, antxoa txikia harrapatzen zuten. “Itsasoari kasu egin behar diogu eta ezin zaio bere gaitasuna edo ahalmena baino gehiago kendu”, azpimarratu du.
Erakundeei eskaera
Itsasontzi askok antxoa txikiarekin bete dute kuota, eta hain zuzen, bide horretatik dator hainbat arrantzaleren eskaera. “Kontrolatu ezinezko harrapaketa ere egon da, eta itsasontzi asko arrain txikia hartzera joan da. Egunen batean kuoten banaketa egongo balitz, oraingo datuei erreparatuko zaie eta, horregatik, etekinari edo arrainari begiratu gabe, arrantzatu eta arrantzatu ibili dira”.
Hain zuzen, itsasontzi bakoitzarentzako kuota banaketa eskatzen ari dira duela bi urtetatik hona. “Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko Arrantza Sailek badakite gure nahia zein den. Berdela eta txitxarroa, adibidez, banatuta ditugu, baina beste arrainak ez. Flotaren artean kuota banatuko balitz, itsasontzi bakoitzak kudeatuko luke bere arrantza. Azkenean, arrantzaren etorkizuna kuota banaketa egokian egongo da. Madriletik esaten dute sektoreko kideon artean adosteko, baina ez dugu denok berdin pentsatzen”.
Ekaina bukaeran hegaluzearen kanpainari ekingo diote. “Ongi joateko esperantza dugu, ea horrela den”, nabarmendu du. Bitartean, bertako produktua sustatzeko eta ezagutarazteko lanean jarraituko du. “Arrain kontsumoa jaitsi egin da, datuek hala diote, eta gure eginkizunen artean ere badago gure produktuari balorea eman eta ekimen ezberdinak antolatzea”.