Getariako Sokoa tabernako zarataren aferaren harira, martxoan bost pertsona epaitu zituzten Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko lehen instrukzioan, Donostian. Tabernaren hiru jabeak eta Andoni Aristi eta Nika Lertxundi Getariako alkate ohiak auziperatu zituzten 2017. urtean, gertakariak 2007. urtean jazo baziren ere.
Prebarikazioa egotzita epaitu dituzte Aristi eta Lertxundi. UROLA KOSTAKO HITZAk jakin duenez, Aristi errugabetu egin du auzitegiak, baina zazpi urteko inhabilitazioa ezarri dio Lertxundiri. Izan ere, hura zen Getariako alkatea gertakariak izan ziren urtean. Hiru tabernari gazteak, berriz, kutsadura akustikoa eta kalteak leporatuta epaitu zituzten. Horietako bi errugabetu egin ditu epaileak, baina hirugarrena zigortu egin du: hiru urte, sei hilabete eta egun bateko espetxe zigorra eta zortzi hilabeteko isuna ezarri dizkiote. Horrez gain, horiek 23.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko diete tabernako zaratak zirela-eta auzia hasi zuten auzokideei.
Aristik UROLA KOSTAKO HITZAri adierazi dio espero zuen sententzia dela berari dagokionez: "Absoluzioa espero nuen. 2009an eta 2010ean kexa bana iritsi ziren udaletxera, ni alkate nintzela, eta hartu genituen hartu beharreko neurriak. Ez zen salaketarik egon orduan, gerora etorri da salaketa, eta ni ere sartu naute hor. Baina kontzientzia lasai neukan, ondo jokatu genuelako". Lertxundik, momentuz, ez dio adierazpenik egin UROLA KOSTAKO HITZAri.
12 urte atzera
2017. urtean jarri zuten martxan bost akusatuen aurkako auzia. 2007. urteko abenduaren 28ra bitarteko gertakariak jaso zituen Ministerio Publikoaren akusazio oharrak. Bertan, Getariako 11 bizilagunen kexak ageri ziren, Sokoa tabernako zarata zela eta. Afera haren harira irekitako prozesuan, bi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu zuen Gipuzkoako Fiskaltzak Aristirentzat eta Lertxundirentzat, herritarren kexei "konponbiderik ez ematea" egotzita. Gainera, kargu edota lanpostu publikoetarako bederatzi urteko inhabilitazioa ere jasotzen zuen fiskalaren zigor eskaerak. Lertxundi (EH Bildu) Getariako alkatea zen gertakariak jazo ziren urtean; Aristi (EAJ), aldiz, aurreko agintaldian izan zen alkate.
Auziperatutako hiru gazteak, berriz, 2007ko ekainetik 2014ko abendura bitartean arduratu ziren Sokoa tabernaren kudeaketaz; tabernaren jabeak ziren horiek bizilagunak kexak agertzen hasi zirenean. Zortzi urteko kartzela zigorraz gain, kexu ziren bizilagunentzako kalte-ordainak eskatu zituen Fiskaltzak hiru lagunentzat. Ingurumenaren aurkako delituaz gain, ustez bizilagun bati eragindako kalteak ere izan dituzte aztergai epaiketan. Izan ere, Fiskaltzaren arabera, herritar horrek aurretiaz zuen antsietateak eragindako nahasmena, baina gaitza areagotu egin zitzaion tabernako zarataren ondorioz.