Horrela, 17:30ean hasita, haurren saioa egingo da herriko frontoian. Irati Aranguren ira- kasleak kontatu duenez, "Euskal Herriko dantza ezberdinak dantzatuko dituzte". Getarian egingo duten ikasturteko azken emanaldia izango da. "Modu tradizionala jarraituz egingo dute dantza eta Gazte Alaiak txistulari taldeak lagunduko digu. Guztira, 25 bat haurrek hartuko dute parte".
Gauean, dantzari helduen txanda izango da. Inauterietan girotutako euskal dantzen ikus- kizuna egingo dute frontoian, 22:00etan hasita. "Haurrek bezala, Euskal Herriko dantza ezberdinak dantzatuko dituzte eta emanaldian Elkano musika eskolaren laguntza izango dugu", azpimarratu du Arangurenek. Horrela, musika eskolako banda eta korua, dultzaineroak eta Gazte Alaiak txistulari taldea izango dira 30 bat dantzarirekin batera.
Bihar, egun handia
Goizean goizetik diana soinuak esnatuko ditu getariarrak, eta 10:30etik 14:00etara bertako produktuekin osatutako azoka izango da frontoian. Eguerdian, musika eskolako trikitilarien emanaldia izango da plazan eta 12:30ean animatzen diren guztiek dantza egiteko aukera izango dute Gazte Alaiak txistularien laguntzarekin. 13:15ean, Larrain Dantza izango da plazan, eta handik ordu laurdenera helduen (14 urtetik gora) eta gaztetxoen (14 urte arte) irrintzi lehiaketa hasiko da. Maila bakoitzeko garaileek txapel bana jasoko dute.
17:30ean, Trikitilari Gazteen Getariako 20. Txapelketa jokatuko da Berdura plazan, eta 19:00etatik aurrera, Kuxkuxtu II txaranga ariko da giroa alaitzen. Gainera, kantu-jira egingo da. Euskal Jaia amaitzeko, Getariako Soinuz Blai erromeria taldearen kontzertua izango da plazan, 22:30ean hasita.