Aste honen hasieran egin zuen eztanda gaiak. EHUko Medikuntzako azken mailako ikasle batzuk beraien gradu amaierako lana ohorezko matrikula izendapenerako hautatuak zirela jakin zuten. Kontua da, ordea, aurkezpena euskaraz egitea debekatzen ez dieten arren, gaztelaniaz edo ingelesez aurkezteko gomendioa egin zietela fakultate- tik. "Maiatzaren 13an aurkeztu nuen nire gradu amaierako lana Leioan. Donostian ikasten dut, baina nire lanaren departamentua Leioan dagoenez, han egin nuen aurkezpena", gogoratu du Saioa Martinez de Lahidalgak. Egun hartan, hiru pertsonez osatutako epaimahai baten aurrean aurkeztu zuen kirol fisiologiaren inguruko lana euskaraz, "inongo arazorik gabe".
Maiatzaren 21ean ohorezko matrikula lortzeko hautagaietako bat zela jakinarazi zioten Martinez de Lahidalgari, eta maiatzaren 31n, gaur, lana berriro aurkeztu beharko zuela. "Hautagai guztiok mezu elektroniko bat jaso genuen, esanez epaimahai bakarra izango zela guztiontzat eta, tartean, euskaraz ez zekiten batzuk egongo zirela". Mezu guztiak gaztelera hutsean bidalitakoak izan zirela azpimarratu du. "Kontua da lana euskaraz aurkeztu genuen ikasleoi astelehenean beste mezu bat bidali zigutela, esanez epaimahaiko kide guztiek ez zekitela euskaraz eta diapositibak gazteleraz edo ingelesez jartzeko gomendioa egiten zigutela, hau epaimahaikideekiko begirunezko keinu (de- ferencia hitza erabiliz) bat izango litzatekeela azpimarratuz. Asko haserretu ginen", adie-razi du.
Egoera horretan hainbat ikasle dago, eta Donostiako fakultateko irakasle batzuekin hitz egin ondoren, Donostian ikasten duten lau ikaslek beren sentipenak mezu baten bidez helaraztea pentsatu zuten. Hala, sare sozialetan argitaratu zuten, eta gaiak oihartzun handia izan zuen hainbat hedabidetan agertuta.
Fakultatearen erantzuna
Asteartean, EHUko Euskara eta Eleaniztasun dekanordearen mezua jaso zuten. "Gure fakultateko dekanoak barkamena eskatzen zigula, eta lana nahi genuen hizkuntzan defenda genezakeela adierazi zigun; bai ahozkoan, bai aurkezpena egiteko erabiliko ditugun euskarrietan ere. Positiboki baloratu genuen mezua, asko eskertu genuen gure hitzak aintzat hartzea, baina epaimahaiak berdin jarraitzen zuen". Asteazken goizean, berriz, lana Donostian aurkeztuko duten ikasleei epaimahaia aldatu dietela jakinarazi zien. "Nire egoeran dauden beste hiru ikasleek Donostian aurkeztuko dute lana, beraz, pozik gaude lortu dugulako epaimahaia elebiduna izatea", adierazi du.
Martinez de Lahidalgak, aldiz, asteazken arratsaldean jakin zuen Leioan eta Bilbon ere epaimahaiaren osaketa moldatu eta denak elebidunak izango direla. "Pozik gaude. Erlojuaren aurka bada ere, lortu dugu aurkezpen egunean epaimahaikideek esaten duguna ulertuko dutela bermatzea. Bestela ere euskaraz aurkezteko asmoa nuen, nahiz eta jakin desabantaila nuela".
Gradu amaierako ekitaldia
Ekainaren 7an graduazio ekitaldia egingo dute Euskalduna jauregian, eta egun horretarako ere hizkuntzaren inguruko desadostasunak nabarmenak direla azpimarratu du. "Ikasleok hitz egiteko tarte labur bat izaten dugu ekitaldian, eta aurten, medikuntza graduko euskarazko eta gaztelaniazko hitzaldi bateratua egiteko hiru minutu eskaini dizkigute".
Ikasketak euskaraz egiteko aldarriak graduak irauten duen ia urte guztietan jarraitu du. "Euskaraz ikasteko matrikulatzen gara, baina klasera iritsi arte ez dakigu zein hizkuntzatan izango den ikasgaia. Hasierako hiru urtetean ez dugu klaseak euskaraz jasotzeko hainbeste arazo izan, besteak beste, medikuntza euskaraz irakasten duten irakasleek lan handia egin baitute hori horrela izan dadin, zenbaitek beren ordutegiak bikoizteraino. Azken hiru urteetan, ordea, beste errealitate batekin egin dugu topo. Donostiako egoera Bilbokoa eta Gasteizkoa baino askoz hobea da, baina, hala ere, irakasgai batzuetan dena gaztelaniaz egin behar izan dugu, eta beste batzuetan, aldiz, zati batzuk euskaraz eta besteak gaztelaniaz".