Aldaketarik ez Getarian. EH Bilduk irabazi ditu udal hauteskundeak, eta Haritz Alberdi izango da alkate datozen lau urteetan. 948 herritarren botoak eskuratu ditu. EAJk, berriz, 719 boto. PSE-EEk 32 boto eskuratu ditu. Horrenbestez, sei zinegotzi izango ditu EH Bilduk, orain dituenak baino bat gutxiago. EAJk, berriz, bat irabazi du, eta bost zinegotzi izango ditu.
Haritz Alberdi oso pozik agertu da emaitzarekin: "Anbiente ona daukagu hemen, oso gustura gaude. Erronka zen guretzat irabaztea, eta lortu dugu, eta orain lau urte baino boto gehiago jasota, gainera". Nika Lertxundik zortzi urte egin ditu alkatetzan, eta horregatik, erronka irabaztea bera izan dela esan du Alberdik. "Hautagaia berria denean, beti zaude amildegi baten aurrean, eta horregatik oso pozik gaude emaitzarekin. Orain lana egin behar da alderdiekin, eragileekin... Desberdinen artean aurrera egitea da gure asmoa".
2015eko udal hauteskundeetan ere EH Bildu izan zen garaile: 933 boto lortu zituen eta zazpi zinegotzi, 2011n baino bat gehiago. EAJk berriz, 640 boto eskuratu zituen, eta lau zinegotzi izan ditu udalean azken lau urteetan.