Musika doinuek jantziko dute Gaztetxea, Gazte Asanbladaren urtemugan

Izaskun Urbieta Esnal 2019ko maiatzaren 24a

Urteurren festa zortzietan hasiko da parrilada batekin; ondoren, Fly Shit eta EH Sukarraren kontzertuak izango dira. Asanbladako lau kidek jarriko dute musika gero, goizaldera arte.

Gaztetxeak 18 urte bete dituen arren, belaunaldi berriko kideak sartu zirela 11 urte ospatuko dute bihar Getarian. Hasieratik gazte mugimenduan lanean dabilen Haritz Estebanek kontatu duenez, Gaztetxeko antolaketak eta kudeaketak bere gorabeherak izan ditu urte horietan guztietan, baina hala ere aurrera egiteko indarrarekin daude. "Gazte Asanblada herriko gazteen isla da. Betiko laupabost hor gabiltza bueltaka, baina jendearen joanetorria handia da, eta konpromiso falta nabaria da", azaldu du. Gaztetxeko ateak ireki dituzte, eta gazte berriak horra joateko pausoa ematen ere saiatu dira.

Gaur egun kontzertuak antolatzera nahiko mugatuta daudela onartu du Estebanek. «Hala ere, gure agenda betetzen dugula uste dut, eta hilean hiruzpalau ekintza antolatzen ditugu. Orain dauden gazteei transmititu nahi diegu ekintzak antolatzea aberasgarria dela bai guretzat baita herriarentzat ere», nabarmendu du.

Urtez urte ospatzen dituzte urteurren egunak, eta iazkoa, hamargarrena, «izugarria» izan zela gogoratu du. "Zenbaki borobila izanda, festa handia egitea izan zen asmoa eta halaxe atera zen", esan du. Aurtengo urteurrena zerbait sinpleagoa izatea zen helburua, baina EH Sukarra ekartzea lortu dute. "Hamaikagarrena ospatzea erabaki genuen zenbaki kuriosoa delako, eta lelo bat ere jarri diogu festari: Hamaika ikusteko jaioak gara", esan du.

Kontzertuak eta dj-ak
Arratsaldeko zortzietan hasiko da urteurren festa Gaztetxearen kanpoaldean parrilada eta txotxarekin. "Gure ospakizun modura jarri dugu hori eta doan izango da", aipatu du. Gero, 22:30ean, kontzertu nagusiak hasiko dira. Jotzen lehendabizikoa Fly Shit Bergarako taldea izango da. Hard core doinuak ekarriko dituzte eta, besteak beste, Managaitz taldearekin argitaratu berri duten Heriotz gurutzatuak diskoko kantak aurkeztuko dituzte. "Gaztetxe zaharrean, plazan eta txosnetan jotakoak dira. Egungo Gaztetxean ere izan diren ez nago ziur, baina gutxienez hirutan izan dira Getarian", azaldu du.

Jarraian, EH Sukarra talde mitikoaren kontzertua izango da Gaztetxean. "Kanta zahar eta berriekin osatutako Sukarra zugaz Tour 2019 bira hasi berri dute eta gurean joko duten kontzertua bira horren barruan sartu dute", jarraitu du. 1992. urtean Getariako Moilan jotakoa da Eibarko taldea eta, orduan bezalaxe, jendea bilduko duela espero dute asanbladakoek.

Kontzertuak amaitu ondoren, Gazte Asanbladako lau kidek jarriko dute musika. Bakoitzak ordubeteko saioa egingo du estilo ezberdina hartuta: 80ko punka, 90eko euskal musika, hard core melodikoa eta ska. Goizaldera arteko festa izango da festa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide