Maiatzaren 26ko hauteskundeei begira, kanpainako ekitaldi nagusia egin zuen atzo Getariako EH Bilduk. Musikarekin hasi eta amaitu zen atzoko agerraldia, eta Berdura plazan, dozenaka herritar bildu ziren. Getariako zerrendako kideak oholtza gainera igota zeudela hasi zen hizketan Mertxe Aizpurua Kongresuko diputatua. EH Bilduren esentzia pertsonek osatzen dutela nabarmendu zuen usurbildarrak. “Pertsonek osatutako mugimendua da EH Bildu, eta konpromisoa da gure bereizgarria. Udalgintzan lan egingo duzuenok, gainera, gure bizkarhezurra zarete”.
“Herriko taupadarekin” lan egiteko “konpromiso sendoa” zutela baieztatu zuen Aizpuruak, eta “belaunaldiz belaunaldi herriarekin lotu dena”. Datorren igandean indar guztiak biltzeko deia egin eta EH Bilduri bozkatzeko eskaera luzatu zuen: “Eskubidearen, askatasunaren eta etorkizuneko demokraziaren alde herri bezala lan egiteko”.
Altxorra den taldea
Aizpuruaren agerraldiaren ondoren, Nika Lertxundi eta Isaac Ostolaza igo ziren oholtzara. Egungo alkateak eskerrak eman zituen zortzi urte hauetan bere ondoan lanean egon diren pertsonei, eta udal gobernua bide beretik joateko aldarria egin zuen. Ostolazak, bere aldetik, alkate izan zeneko garaia ekarri zuen gogora eta pasarte politak kontatu zituen; hain zuzen, 1979tik 1983ra izan zen alkate Ostolaza.
Amaitzeko, Haritz Alberdik hartu zuen hitza. Herri programa osatzeko momentuan gaiak sakonean aztertu dituztela azpimarratu zuen, eta bideo baten bidez programaren ardatzak zeintzuk diren ikusteko aukera izan zuten herritarrek. Zerrendako kideengan ere jarri zuen fokua Alberdik. “Lan taldea da gure altxorra eta guztiok dugu ilusioa eta gogoa datozen lau urteetan lan egiteko; horretarako konpromisoa hartu dugu”.
Loretxoa abestia kantatuz eman zitzaion amaiera, eta, kantatu ondoren, ekitaldiak iraun zuen bitartean lanean egon zen marrazkilariaren irudia ikusteko aukera izan zen.