Eguraldia lagun, dozenaka pertsona hurbildu dira gaur goizean Getariako Meaga auzora. 11:30ak aldera igo dute ikurriña, eta horrekin batera hasi dira asteburuan jarraipena izango duten festak. Zarauzko txistulari taldearen doinuek lagundu dute igoera, eta, ondoren, meza nagusia hasi baino lehen, baserritarren patroia den santuarekin kalejira txiki bat egin dute bertaratutakoek.
Meza amaitu ostean, auzoko adinduen omenaldia egin dute. Aurten Inaxi Zulaika eta Joxe Mari Esnal izan dira Artelatz elkartearen eskutik txapela eta zapia jaso dituzten bi auzotarrak. Biak Meagan jaio ez arren, auzo horretan egin dute bizimodua. Esnal pozik agertu da omenaldiarekin. "65 urte betetzen dutenei egiten zaie omenaldia, eta aurten, ni izan naiz horietako bat", kontatu du irribarretsu.
Omenaldiaren ondoren, zer jana eta zer edana izan da eliza aurreko zelaian. Getariako erregina den txakolina egon da edateko eta jateko, berriz, txerriki errea jarri dute. Eguerdiko ordubitan Azkue jatetxean bazkaria izan dute, eta egunarekin amaitzeko, Izer eta Alabierrekin erromeria egongo da 23:00etatik aurrera.
Festak ostiral iluntzean izango du jarraipena, eta asteburuan zehar luzatuko da. Hau da datozen egunetako egitaraua:
Maiatzak 17, ostirala
– 21:00. Bertso afaria, Artelatz elkartean. Bertsolariak: Julio Soto eta Amets Arzallus.
– Ondoren, gazteen eskutik musika eta festa.
Maiatzak 18, larunbata
– 17:00. Ume jolasak, puzgarriak eta gozokiak.
– 17:30. Toka txapelketa egingo dute.
– 21:00. Gazte eta helduen afaria, Azkuen.
– 23:00. Ansorregi eta Larrañagarekin erromeria.
– Goizaldera, txokolate beroa.
Maiatzak 19, igandea
– 12:00. Patata tortilla lehiaketa. 12:00etatik 12:30era eraman behar dira tortillak, etxean eginda. Erabakia, meza ondoren.
– 12:30. Meza.
– 13:30. Joxe Felix Zubizarretak motozerrarekin erakustaldia.
– Jarraian, sagardoa eta txerriki errea.
– 17:30. Mus txapelketa irekia, Artelatz elkartean.