Haritz Alberdi: "Pertsonen ongizatean inbertitzen segi behar dugu"

Izaskun Urbieta Esnal 2019ko maiatzaren 14a

250 lagunen eta herriko ia eragile guztien ekarpenetatik egin du EH Bilduk agintaldirako herri programa. Hori eta osatu duten "talde sendoa" dira dituzten lanerako altxorrak.

Duela urte batzuk Getariako Udalean zinegotzia izan zen Haritz Alberdi (Getaria, 1977), eta egitura politiko ezberdinetan ere ardura batzuk izan ditu. Herrigintzan aritua, parte hartu duen azken talde eragilea Eskubide Sozialen Karta izan da. 

EH Bilduren zerrenda eta zure hautagaitza prozesu parte hartzaile baten ondorioz etorri dira.
Hasieratik erakutsi nahi izan dugu guk gero nolakoak izango garen, eta bai herri programa eta bai lantaldea eratzeko prozesua gardena eta demokratikoa egin dugu. Iazko maiatzean hasi ginen lanean, eta jendeari eskatu genion beraientzat zein izango ziren alkaterik eta hautetsirik egokienak.

Bi agintaldi egin ditu EH Bilduk Getariako Udal Gobernuan. Zer balorazio egiten duzu?
Oso positiboa. Gauza guztiak bezala hankamotz gelditu direnak badaude, baina orokorrean oso positiboa da. Eraikuntza aldetik, esaterako, uholdeak egotetik ez egotera pasatu gara egin diren
kanalizazio guztiengatik, beilatokia egin da, zaharretxea berritu da... Demokrazia ikuspegitik, berriz, parte hartze prozesuak egin dira eta, gainera, oraindik onartzeke dagoen parte hartze ordenantza bat osatu da; guk onartu eta exekutatuko duguna. Ekonomikoki, berriz, 2011n udala ia interbenitua egotetik inbertsioetako eta gerakinetako dirua egotera igaro gara. Zergatik? Inbertsioak neurrira egin direlako, eta dirulaguntzen bitartez jokatu delako.

Zer erronka ditu Getariak datozen lau urteei begira?
Pertsonen ongizatean inbertitzen segi behar dugu. Getariarrok ongi sentitu behar gara eta hori da, hain zuzen, esku artean dugun erronkarik handiena. Ikuspegi demokratikotik sakontzen jarraitu behar dugu, eta parte hartze ordenantza onartu eta exekutatu behar da jendeak parte har dezan herriko bizitzan. Herritarrei zuzendutako politikak egin behar dira: pentsionistentzat, gehien behar dutenentzat... Horretaz gain, eskolan inbertitzen jarraitu behar da, herriko altxorrak diren eragileak zaindu eta, nola ez, herriko ostalari eta dendariak babestu behar dira.

Zeintzuk dira EH Bilduren proposamenak datorren udal agintaldirako?
Gure herri programa altxor bat da, eta hainbat proposamen azpimarratuko nituzke. Alde batetik, herriko eragileetan inbertitzen eta sinisten jarraitu behar dugu eta horientzako kultur eremu bat sortzea pentsatu dugu Eskualtxeta eta Ulpiano eraikinen artean. Bertan eragile ezberdinek lekua izango lukete sorkuntzari, esperimentazioari eta eraldaketa sozialari begira jarduteko.
Beste aldetik,  pentsionistentzat dirulaguntza berri bat sortuko dugu. 65 urtetik gorakoentzat eta alargunentzat zuzendutakoa izango da hori. Horien egoera jakiteko azterketa bat egiteko asmoa dugu, eta horren bidez, udalarekin duten harremana hurbildu nahi da, baita sortzen zaizkien behar ezberdinei ekonomikoki lagundu ere.

Irisgarritasunari begira, berriz, proiektu zehatz bat aurkeztu du EH Bilduk.
Herria eskailera mekanikoekin eta igogailuekin lotuta dago, baina zati bat falta da. Horregatik, gure asmoa da moilatik Katrapona arte igogailua egin eta pasabide baten bidez Buena Vista lotzea. Kale Nagusian dagoen erdiko zatia Alde Zahar guztira ere zabaldu nahi dugu, baita herriko sarreratik Zarautz alderako espaloia zabaldu ere.

Nautiko eraikina herriarentzat gelditu da. Zein asmo dituzue horrekin?
Herriari begira sortzen diren proiektu ezberdinei uztea pentsatzen dugu, beti ere proiektu horiek lotura badute herriko ohiturekin, arrantzarekin, hizkuntzarekin edota kulturarekin. Herritik herrirako sortzen diren proiektuentzat bideratuta ikusten dugu bertan, eta akordio ezberdinak egin beharko dira erakundeen artean.

Auzoak zuen herri programako beste ardatz nagusietako bat dira.
Beharrezkoa den aldiro, baserri - auzo bideak garbituko ditugu, eta sortzen diren eskaera ezberdinei erantzungo diegu. Bide beretik, Meagara doan bidea baldintza onenetan egotea ziurtatu
behar da eta autobus zerbitzu eraginkorra bermatu. Udala horretan saiatzen ari da azken urteetan.

Eskolarentzat ere bizpahiru proiektu proposatzen dituzue.
Eskolako patioa eraberrituko dugu, eta jangela eredu berri bat bultzatu. Azken hori ez da gure eskumena, baina Hezkuntza Sailak atera duen lege berri bati jarraituz, saiatuko gara eguneroko bazkaria bertan eta bertako produktuekin prestatua izateko.

Kirol arloan zer egiteko asmoa du EH Bilduk?
Kirola bere osotasunean hartzen dugu, eta kirola ahalik eta baldintza onenetan egitea nahi dugu, horretarako obra ezberdinak eginez. Triatloiak, esaterako, garrantzia du herrian eta igeri egitera Zarautzera joaten dira, beraz, hango igerilekua erabiltzeko hitzarmena egin nahi dugu. Instalazio berriei begira, futbol zelaiaren egikaritzak azterketa sakon bat behar duelakoan gaude. Prozesu ireki bat jarriko dugu martxan, eta ondoren erabakiko da zer egin.

Elkanoren Mundubira 500 egitasmoa izango da datorren agintaldian.
Udalak parte hartze prozesua egin zuen horren inguruan eta herritarrek beraien proposamenak egin zituzten. Orain, fundazioari dagokio ideia horiek borobiltzea eta ekimen ezberdinak
aurrera eramatea. Horretaz gain, beste eragile batzuk beste dinamika batzuk bultzatzen badituzte guztiak izango dira ongietorriak eta aberatsak. Nire iritziz iraganari erreparatu behar diogu oraina ezagutzeko eta etorkizuna marrazteko, eta hori zenbat eta jende gehiagoren artean egin aberatsagoa izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide