Getariako alkatetzarako Alberdi eta Urresti hautagaiek gizarte gaien inguruko eztabaida egin zuten ostiralean

Izaskun Urbieta Esnal 2019ko maiatzaren 12a

Elan-Euskadi Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatutako mahai-ingurura dozenaka pertsona gerturatu ziren. Autokritikarako beharra eta proposamen zehatzak aurkeztu zituzten bi hautagaiek.

Ostiral arratsaldean egin zen Elan-Euskadi elkarteak antolatu zuen garapenerako lankidetza eta gizarte zerbitzuen inguruko mahai-ingurua Iturzaeta eskolako aretoan. Jesus Mari Mujika izan zen moderatzailea eta berak aurkeztutako hiru galderei erantzun zioten hautagaiek.

Lehenengoa erakundeek garapen bidean dauden herrialdeei bideratzen dien % 0,7aren inguruko galdera izan zen. Txanponak hala erabakita Alberdi hasi zen erantzuten. Zuhurtziaz hartu zuen gaia EH Bilduko hautagaiak eta nabarmendu zuen autokritika egiteko momentua iritsi zela. Getariako Udalak amaitzear dagoen legealdian ehuneko hori ez zuela bete aitortu zuen, baita soluzioak eman behar zirela ere: “Sentsibilizazioa, jarrera koherenteak, % 0,7a lortzeko bidea egitea eta herriko eragileekin elkarlana, besteak beste”.

Urrestik, bere aldetik, solidaritate printzipio hori nondik datorren gogoratu zuen, eta Getariak 1996an onartu zuela ehuneko hori emateko ordenantza. “Diru laguntza hori Elan-Euskadik jasotzen du, baina baita Gipuzkoako beste laupabost elkartek ere. Esfortzua eskatzen dio udalari, baina egin beharrekoa da”, nabarmendu zuen. Ekintza horiek sustatzeko beharra aldarrikatu zuen, eta konpromisoak hartzeko garaia dela adierazi.

Bigarren galderari erantzuten Urresti, EAJko hautagaia, hasi zen. Arrazakeria izan zuten ardatz bi hautagaiek eta Urrestik tinko esan zuen Getarian ez daudela arraza fobiaren zantzurik. “Nire ustez, askoei pertsonen egoera sozioekonomikoak sortzen die fobia, eta hor dago arazoa. Udaletik etorkinak herritartzeko plan bat bultzatzea proposatzen dut. Plan horrek hiru atal izango ditu: etorkinak herrian kokatzea, horiek informatzea eta herritarrekin harremanak sendotzea. Gure herriko etorkinen inguruko azterketa sakon bat egin behar da, eta euskara ikasteko baliabideak eman”, gaineratu zuen.

Alberdik diru sarrerak bermatzeko errentaren inguruan sortzen diren albiste faltsuetan erreparatu zuen interbentzioko lehen zatian. Ondoren, Getariako kasura pasa zen, eta “gure herria beti izan da harrera herria”, azpimarratu zuen. Etorkizunerako erronka, era amankomun batean, harrera proposamen bat egitea zela nabarmendu zuen: “Administrazioan tramiteak egiteko baliabideak eman behar zaizkie etorkinei, kultur aniztasun ekimenak bultzatu, tradizio lekuak bermatu, lankidetza eta babesa eman, emakume etorkinen ahalduntzea bideratu, alokairuak sustatu, eta nola ez, euskara ikasteko laguntzak egon arren, erraztasun gehiago eman”.

Amaitzeko, herriko gizarte zerbitzuetako baliabideen inguruan hausnartu zuten bi hautagaiek. Txandari jarraituz Alberdi hasi zen. Aldundiak azken urteetan diru laguntzak jaitsi dituen arren, Getariako Udalak etxez-etxeko zerbitzuetan, baita larrialdi egoeretan osotasunean erantzun zuela azpimarratu zuen. Datorren legealdirako proposamen baten berri ere eman zuen Alberdik. “65 urte baino gehiagoko alargunentzat diru laguntza partida bat bideratu nahi dugu. Hori bakarrik ez, irisgarritasun arazoak konpondu eta eskolan prebentzio programak sustatzea gure helburuetako batzuk dira”.

Urrestik gizarte zerbitzuen beharraz hitz egin zuen, eta ez zuen zalantzarik izan etxez etxeko laguntzetan inbertitu eta larrialdian bizi direnei babesa eman behar zaiela. Etxebizitza sozialen aldeko aldarria egin zuen, “hutsunea ikusten dugu hor. Esaterako, biolentzia matxista jasan duten pertsonak babesteko leku bat izan behar du udalak, baita desjabetzeei aurre egiteko ere”. Gai horien inguruko azterketa sakona egitea proposatu zuen Urrestik, eta zahartzaro aktiboko plan bat garatzeko nahia adierazi zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide