EH Bilduko hautetsiak eta hautagaiak Getariaren egungo egoera errepasatzeko elkartu dira

Urola Kostako Hitza 2019ko maiatzaren 8a

Zortzi urte hauetan alkate eta zinegotzi karguetan egon diren EH Bilduko kideak datozen hauteskundeetan alderdi bereko hautagai izango direnenekin elkartu dira. Herrian egindako egitasmo nagusiez aritu dira, eta egungo egoera errepasatu dute.

Besteak beste gai hauetaz hitz egin dute bilera horretan: 

EH Bildu Udalera heldu zenetik, Gizarte Ongizatea atalak izan duen garrantziaren adibidetzat jarri dituzte anbulatorio berria, eguneko zentro berria, etxez etxeko laguntza-sistema, gazte-txokoaren berrikuntza, guraso-eskola, erretiratu eta pentsiodunen elkartearen berrikuntza eta beste hainbat.

Irisgarritasun-planaren baitan, igogailua nabarmendu dute egungo hautetsiek.

Ingurumenari dagokionez, berriz, herriguneko, auzoetako eta industriguneko euri-uren banaketan egindako lan handia azpimarratu dute. Hondakinen bilketan egindako jauzia ere positiboki baloratu dute.

Halaber, nabarmendu dute parte-hartzeari bide eman zaiola, herritarrak Udaleko jardunera gerturatzeko helburuz: aurrekontu parte-hartzaileak, parte-hartze bidezko ordenantzak…

Euskararen arloan, euskara-teknikariaren zerbitzua martxan jarri izana azpimarratu dute, baina gaineratu dute bide horretan urrats gehiago egin behar direla ezinbestean, zerbitzu osoa eman ahal izateko.

Orain arte landu gabe zegoela-eta, memoria historikoaren gaiari heldu zaio azken urteetan, eta udal-hautetsiek 1936-1942 aldiaren (lehen frankismoaren) lanketa nabarmendu dute, batez ere.

Kulturgintzari dagokionez, berriz, herriko kultur eragileekin izandako harreman hurbila azpimarratu da, eta Getariarentzat eragile horiek guztiek duten garrantzia kontuan izaten jarraitzea oso garrantzitsua dela adierazi diete hautagai berriei.

Herriko egoera ekonomikoan izandako hobekuntza nabariaz ere aritu dira, eta xehetasun osoz azaldu diete 2011n Udala zer egoeratan zegoen eta orain nola dagoen.

Entzuteko prest
Haritz Alberdik Udalaren egoeraren berri zuzenean jasotzea estimatu zuen, eta ezinbestekotzat jo zuen orain arte egindakoa ezagutzea, erronka berriak errealismoz planteatzeko. Horren haritik, EH Bilduko hautagaitzak prestatutako herri-programak hori guztia kontuan hartzen duela eta datozen urteetan Getariak dituen erronkei erantzungo diela adierazi zuen.

Azkenik, orain arte egindako lana eskertu zien egungo hautetsiei, eta datorren legegintzaldiari gogotsu eutsiko dion lan-talde zabala dutela nabarmenduz amaitu zuten bilera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide