Antxua egunaren atarian, Getariako Elkano Arrantzale Kofradiaren areto nagusian, antxoaren eta berdelaren kanpainen berri eman dute Emeterio Urresti Kofradiako lehendakariak; Nikanor Lertxundi Getariako alkateak; Bittor Oroz Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak; Eugenio Elduaien Gipuzkoako Arrantza Federazioko lehendakariak eta Aurelio Bilbao Bizkaiako Arrantza Federazioko lehendakariak.
Orozek nabarmendu duenez, arrain freskoaren kontsumoa jaitsi egin da. Horregatik, beharrezkotzat jo du Antxua eguna bezalako festak ospatzea. “Herritarrak kontzientziatu behar dira arraina kontsumitzea ona dela. Garaian garaikoa jatea da egokiena, eta ahal dela euskal flotak harrapatutakoa”, gogorarazi du. Hala ere, antxoaren kanpaina ona izaten ari dela azpimarratu du. Guztira, 13 milio kilo inguru antxoa harrapatu dira, eta horietatik zazpi Euskadiko portuetan deskargatu dira. “Oso kanpaina bizia izaten ari da, eta bataz beste 1,23 euroan saldu da antxoa kiloa”, aipatu du. Iaz, zortzi milioi kilo harrapatu ziren, eta bataz beste 1,52 euroan saldu zen kiloa.
Berdelaren kasuan, 8.900 tona inguru deskargatu da euskal portuetan, eta bataz beste 1,36 euroan egon da kiloa. “Arrantzatzeko kuota jaitsi egin da, aurten % 20, beraz, hori ere ikusi da arraina harrapatzeko orduan”. Iazko datuei erreparatuz, 11 milioi berdel harrapatu zen eta batez beste 0,97an saldu zen kiloa. “Euskal flotak ez du galera handirik izan berdelaren prezioa igo delako, baina kuotak errepasatzeko eskaera egin nahi dut, izan ere, eta datu zientifikoetan oinarrituta, itsasoan nahikoa berdel dagoela esan daiteke”.
Arrantzarako neurriak
Antxoaren Kantauriko harrapaketak % 60-65ean izango dela kalkulatzen dute adituek. “Hala ere, oraindik kanpaina bukatzeko falta da, beraz, ikusiko dugu zer gertatzen den”, esan du Orozek.
Eugenio Elduaienek, Gipuzkoako Arrantza Federazioko lehendakariak, bere aldetik arrantzaleek hartu behar izan duten neurrietan jarri du arreta. “Antxoaren kanpaina erdipurdikoa doa. Antxoa asko dago itsasoan, baina tamaina txikikoa da gehiena eta horrek prezioa baxua izatea dakar. Ontzi batzuk antxoa horien bila joaten dira eta kupoa azkar jaten dute errentagarritasunik bilatu gabe. Gu ez gaude horrekin ados”, esan du. Hori dela eta, arrantzarako neurriak hartu dituzte eta horietako bat izan da itsasontziak egun batzuetan geldirik egotea. “Maiatza hasieran gaude eta dagoeneko % 65 harrapatu da. Datu historikoa da. Horrek esanahi du antxoa badagoela, baina errentagarritasunari ere begiratu behar zaio”.
Aurelio Bilbaok, amaitzeko, berdelaren aldeko aldarria egin du. “Ontzi batzuek arrain honekiko menpe bizi dira, eta bere inguruan ere industria bat sortuta dago, beraz, berdelaren aldeko errebindikazioa egingo dut gaurkoan, eta datorren urtera begira, kuota igotzeko eskaera”.
Emeterio Urrestik eta Nikanor Lertxundik beraien aldetik antxoaren balioa azpimarratu eta Getariako erreginetako bat dela esan dute. “Merezitako tokia eman behar zaio antxoari. Baloratu egin behar da arraina, eta baita arrantzaleen lana ere”, nabarmendu dute.