Zilarrezko Antxuaren aipamena egin da gaur Getarian, Antxua egunaren atarian

Izaskun Urbieta Esnal 2019ko maiatzaren 3a

IX. Antxua egunaren baitan, harrera ekitaldia egin da gaur eguerdian Cristobal Balenciaga museoan. Bertan, Gipuzkoako Arrantza Federazioak, Iñaki Zabaletak eta Alazne Uribarrik Zilarrezko Antxuaren aipamena eta omenaldia jaso dute. Ekitaldian izan dira Nikanor Lertxundi Getariako alkatea; Emeterio Urresti Elkano Arrantzaleen Kofradiako lehendakaria eta Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea.

Agustin Ezenarro aurkezle eta kazetariak gidatu du aurkezpena, eta datozen hiru egunetan herrian protagonista izango den antxoari erreferentzia eginez hartu du hitza: “Gure arrantzaleek hain ongi harrapatu eta zaintzen duten arraina da antxoa. Zein bizipoz ematen digun gure antxoa Getariako moilan sartzen denean, baita gainerako portuetan ere. Asko maite dugun produktua da; kalitate bikainekoa, osasuntsua eta ezinbestekoa”.

Emeterio Urrestirentzat garrantzitsua da antxoa promozionatu eta merkaturatzea. “IX. Antxua eguna ospatuko dugu aurten. Ekimen honekin gure antxoa balioan jarri nahi dugu, baita arrantzaleek egiten duten lana ere”. Egunaren baitan, arrantza munduarekin zerikusia duten pertsonak edo erakundeak omendu dituzte. “Aurten hiru izango dira: Iñaki Zabaleta, Gipuzkoako Arrantza Federazioa eta Alazne Uribarri”, esan du. “Zabaleta arrantzalea izandakoa da, eta beti arrantzaleen defentsan egin du lan. Itsasoan baita lehorrean ere lan asko egindakoa. Orain, bizimodu berri bati ekingo dio”, jarraitu du.

Hitza hartzen hurrengoa Nikanor Lertxundi izan da. Aurtengo hiru omenduei zorionak eman ondoren, Gipuzkoako Arrantza Federazioaren lana goraipatu du. “Duela 102 urte bederatzi herrik osatu zuten Gipuzkoako Federazioa. Nik uste dut arrantzaleen indarra eta etorkizuna batzeko osatu zutela garai hartan, eta iruditzen zait, horrela jarraitzen duzuela gaur egun ere. Eugenio Elduaien Federazioko lehendakariaren lana ere goraipatu nahi dut. Diskurtso egokia duen pertsona, gaur gaurko eta etorkizuneko gaiak eta arazoak jorratzeko bidea ematen jarraitzen du”.

Amaitzeko, Bittor Orozek hiru omenduei hitz batzuk esan dizkie: “Getariako kofradiak Bizkaiko Federazioko buruari saria emateak asko pozten dit. Izan ere, horrek esanahi du batasuna dagoela bi lurraldeen artean eta hori oso garrantzitsua da; gure sektoreak indartsu jarraitu nahi badu batasun hori izatea ezinbestekoa da. Gipuzkoako Federazioari buruz esan gure lurraldeak behar-beharrezkoa duen erakunde bat dela. Sektorearen defentsa lanetan egiten duena azpimarragarria da, eta hori ezagutzatik, informaziotik, gizatasunetik eta eskuzabaltasunetik egiten du. Alazne Uribarritaz, berriz, azpimarratu nahi dut sektoreko produktuek gaur egun duten posizionamendua, ziurtasuna eta prestigioa beraren lanari esker izan dela”.

Ekitaldia amaitzeko, Getariako Gure Txeru elkarteko Eneritz Manterolak aurreskua dantzatu die hiru omenduei, eta Salbatore Deuna abesbatzako kideek bi abesti kantatu dituzte. Arratsaldean, 18:30ean, Gure Txeruko dantza taldearen emanaldia izango daGetariako trikitilariekin eta Gazte Alaiak txistulari taldearekin, frontoian. 19:00etatik 21:00era, berriz, antxoa dastaketa izango da frontoian, musikaz girotuta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide