Antxua Eguna bihar, Getarian

Nerea Uranga 2019ko maiatzaren 2a

Bihar eguerdian Antxua Eguneko harrera ekitaldia egingo dute, eta, arratsaldean, antxoa parrilan eginda dastatzeko aukera izango da frontoian

Antxoaren bueltan hiru egunetako festa egunak izango dituzte bihartik igandera bitartean Getarian. Bihar Antxua Eguna ospatuko dute. Eguerdian, harrera ekitaldia egingo dute Cristobal Balenciaga Museoan, eta bertan Zilarrezko Antxuaren aipamena jasoko dute Gipuzkoako Arrantza Federazioak, Iñaki Zabaletak eta Alazne Uribarrik. Arratsaldean, berriz, herriko dantza taldearen emanaldiaren ondoren, antxoa parrilan prestatuta dastatzeko aukera egongo da plazan, txakolinarekin edo sagardoarekin lagunduta.

Larunbatean, berriz, besteak beste, hainbat kirol jardunaldi izango da: xakea, bela estropada eta herri kirolak. Igandean, Arrantzale eta Dantzari Txiki eguneko ekitaldiek bat egingo dute. 11:00etako arrantzaleen mezaren ondoren, arrantzale zaharrak omenduko dituzte.

Egitaraua

BIHAR, MAIATZAK 3 ANTXUA EGUNA
12:30. Harrera ekitaldia egingo dute Cristobal Balenciaga Museoan. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren, Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak, Elkano Arrantzale Kofradiako lehendakariak eta Getariako alkateak parte hartuko dute. Ekitaldian, Zilarrezko Antxuaren aipamena jasoko dute Gipuzkoako Arrantza Federazioak, Iñaki Zabaletak eta Alazne Uribarrik.
18:30. Gure Txeruko dantza taldearen emanaldia, Getariako trikitilariekin eta Gazte Alaiak txistulari taldearekin, frontoian.
19:00-21:00. Antxoa dastaketa frontoian, musikaz girotuta.

MAIATZAK 4, LARUNBATA
11:00. Juan Sebastian Elkano II. xake txapelketa, plazan.
11:00. Antxua eguneko II. Bela Estropada, kaian.
16:30. Txiki Chef tailerrak haurrentzat, plazan.
18:30. Urrezko aizkorako herri kirol jardunaldia, frontoian. Eguraldi txarra egiten badu, Kiroldegian izango da saioa.
22:00. Landarbaso abesbatzaren emanaldia, Salbatore Deunaren elizan. Doan da sarrera.

MAIATZAK 5, IGANDEA ARRANTZALE ETA DANTZARI TXIKI EGUNA
09:00. Diana Gazte Alaiak txistulari taldearekin.
11:00. Arrantzaleen meza, Getariako Salbatore Deuna Abesbatzak abestuta. Karmengo Amabirjinaren prozesioa eta itsas bedeinkapena, Artzapen.
Ondoren, arrantzale zaharrei omenaldia eta hamaiketakoa.
11:00. Lezo, Zarautz eta Getariako dantzariak elkartuko dira, Berdura Plazan.
11:30. Gipuzkoako Trainerilen Ligako estropada, IX. Antxua Eguna bandera.
12:30. Sugarri txarangaren kalejira.
13:00. Dantzarien emanaldia, frontoian.
17:00. Sugarri txaranga, Gure Txeruren eskutik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide