Getariako EAJk maiatzaren 26ko udal hauteskundeetako hautagaien zerrenda aurkeztu zuen atzo. Aitor Urresti zerrendaburuak gidatu zuen agerraldia; haren hitzetan, "ilusioz gainezka dagoen taldea" osatu dute. Berrikuntza eta esperientzia uztartu dituzte beren proiektua aberastu eta osatzeko: "Herriaren eta herritarren alde lan egiteko grinak, gogoak, ilusioak batu gaitu".
Getaria "paralisitik atera eta abian jartzea" izango dute helburu jeltzaleek, eta horretarako, sei ardatz nagusi landu dituzte programan. Getariarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzea, herri-ekonomiaren garapena eta kalitatezko enpleguaren sustapena, hirigintza eta herritarrek behar dituzten azpiegituren garapena, kalitatezko zerbitzu publikoen sustapena, nortasunaren zaintza eta bultzada eta gardentasuna aipatu zituen, besteak beste, alkategaiak.
Amaitzeko, "guztiontzako herri bat" eraikitzeko lan egiteko konpromisoan berretsi zen Urresti: "Getaria indartsu bat, guztiok harro sentitzeko Getaria bat; bertan jaio, hazi eta biziko garen herria. Gure sentitzen duguna. Hori guztion artean eraikiko dugu, herritar guztiok, guztiontzako. Gure proiektua herri-proiektua delako, guztiona, guztiok ordezkatzen gaituena, eta guztion artean garatuko duguna”.
Udalgintzan lanean jardun duten batzuk eta ideia berriak dakartzaten beste hainbatek osatu dute hautagaitza.
Hautagaitza
01. Aitor Urresti
02. Itziar Etxarte
03. Jon Elizegi
04. Elena Urresti
05. Gema Marrero
06. Iosu Mujika
07. Maite Lopez
08. Julen Aranguren
09. Iñaki Solozabal
10. Olatz Urresti
11. Fermin Mendizabal
12. Amagoia Ezenarro
13. Alex Epelde
14. Rosi Antia