XXII. Salbatore Deuna Pilota Txapelketa aurkeztu dute Getarian

Izaskun Urbieta Esnal 2019ko apirilaren 30a

Astelehenean hasiko da eskuzko pilota txapelketa, eta finalak abuztuaren 6an jokatuko dira. Guztira 89 bikotek hartuko dute parte hiru mailatan banatuta.

Atzo arratsaldean aurkeztu zuten XXII. Salbatore Deuna Pilota txapelketa Getariako frontoian. Bertan izan ziren Nikanor Lertxundi Getariako alkatea, Juan Luis Ubera Elgetako txapelketako antolatzailea, Gotzon Enbil Euskadiko Pilota Federazioko presidentea eta, nola ez, txapelketa honetako antolatzaileak.

Datorren astelehenean, maiatzaren 6an, hasiko da txapelketa, eta, finalak, Salbatore egunean, abuztuaren 6an, jokatuko dira 17:30ean hasita. Guztira 89 bikotek hartuko dute parte maila hauetan banatuta: kadeteak, jubenilak eta 22 urtez azpikoak. "Maiatzean zehar astelehen eta asteazkenetan jokatuko dira partidak, maila bakoitzetik bat, 19:00etan hasita", kontatu du Segundo Alkorta antolatzaile taldeko kideak. Ekainean eta uztailean, berriz, hiru egunetan izango dira partidak: astelehenetan, asteazkenetan eta larunbatetan. "Giro ederra izaten da txapelketaren bueltan, jende asko biltzen da frontoian", azaldu du Nikanor Lertxundik.

Txapelketa honekin batera, beste bi ere jarriko dira martxan ekainetik aurrera. "Alde batetik, gaztetxoena, eta beste aldetik, emakumezkoena", azaldu du Alkortak. Salbatore festak hasi baino astebete lehenago amaituko dira biak. "Benjaminak, alebinak eta infantilak izango dira gaztetxoen txapelketan, 24 bikotek hartuko dute parte eta larunbat goizetan jokatuko dute. Emakumezkoena, berriz, III. Elkano Saria izango da, eta igande arratsaldetan lehiatuko dira".

XXII. edizio honetan ere parte hartze handia izango da, eta Alkortak kontatu duenez, txapelketa sortu zenetik izan du arrakasta. "Ez dira txapelketa asko antolatzen, eta hau plaza ona da pilotari gazteentzat. Rezustak eta Victorrek, esaterako, jubeniletan irabazi zuten".

Errelebo aldaketa
Alkorta bera da, besteak beste Kristobal Etxanizekin batera, pilota txapelketa honetako sortzaileetako bat. "Urte asko daramatzagu antolaketa lanetan, eta aurten, herriko gazteek hartuko dute erreleboa: Xabier Etxanizek, Gorka Aristik eta Gorka Zenekortak. Trantsizioan gaude, eta aurtengoa elkarlanean egingo dugu", esan du. Epaile lanetan ere beste getariar bat izango da: Jaione Larrañaga. "Iaz ere ibili zen epaile lanetan, eta aurtengoan ere gurean izango da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide