Antolatzaileek "iusio handiz" prestatu dute bihar jokatuko den Getariako Triatloia. Kirolariek Triatloiari "harrera ezin hobea" egin diotela azaldu dute antolatzaileek. "Horren erakusle da 24 orduan inskripzioak itxi izana". Ondorengo lerroetan daude irakurgai biharko probako xehetasun guztiak:
Ordutegia
12:00etatik 15:00etara: Dortsal banaketa
14:00etatik 15:45era: Box-en irekiera
14:00etatik 15:45era: Material kontrola
16:00etan: Nesken irteera
16:15ean: Mutilen irteera
18:15ean: Sari banaketa
19:00etan: Parrilada
Aparkalekuak
Aparkatzeko arazoak ekiditeko, autoa partekatzea edo garraio publikoa erabiltzea gomendatzen dute antolatzaileek. Autoa aparkatzeko, triatletek hiru eremu izango dituzte. Malkorbe hondartzako aldapa, Artzapeko sigi-saga eta kiroldegiko eremua. Betetzen direnean, herrian, portuan edo dike berrian zehar saiatu beharko dute lekuren bat aurkitzen.
Portuan proba amaitzean arraun taldearen dutxak erabiltzeko aukera izango dute kirolariek. Aparkaleku horiek betetzean, itxi egingo dira eta lasterketak irauten duen bitartean ezingo da autorik atera eremuetatik.
Ibilbidea
Malkorbe hondartzan itsasoratuko dira kirolariak. Badian zehar 750 metro igeri egin ondoren Gurutze Gorriaren eraikinaren parean egongo da helmuga. Handik, boxetara abiatuko dira. Igeriketako sektorearen denbora muga gizonezkoen irteera eman eta 25 minutura ezarriko da.
Boxak Gurutze Gorriaren aldameneko aparkalekuan egongo dira, eta handik, bizikletaz errepidera abiatuko dira. Zumaiako noranzkoan portutik irten eta Garate gaina igoko dute kirolariek. Ondoren, Meagatik Oikiara jaitsiko dira. Handik Zumaiara joango dira, eta hango saihesbidetik Getariara itzuliko dira. Getarian, Gaztetape hondartzako sarreratik boxetara joango dira. Bizikletako sektorearen denbora muga gizonezkoen irteera eman eta ordu bat eta 25 minutuan ezarriko da.
Proba amaitzeko, Portua, Gaztetape hondartza, Udaletxea, frontoia eta Malkorbe hondartza elkartzen dituen bi kilometroko zirkuituari bi itzuli egin beharko dizkiote triatletek. Aurten itzuliak kontatzeko ez dute gomarik banatuko, beraz, arretaz ibiltzeko eskatu dute antolatzaileek.
Hirugarren itzuliaren hasieran, Artzapeko zigi-zaga hartuz, Kale Nagusitik helmugarako bidea hartu beharko dute.
Sariak
Irabazleak Txapela garaikurra eta mailotaz gain, 300 euroko saria eskuratuko du. Bigarrenak, garaikurra eta 200 euroko saria eramango ditu, eta hirugarrenak, garaikurra eta 100 euro. Lehen bost sailkatuek 2020ko triatloirako dortsala doan izango dute. Sari nagusiez gain, beste hainbat ere izango dira: Txomin Etxaniz saria, Getariatik Garaterako igoera azkarren egiten duenarentzat eta Nardin saria helmugara iristen diren lehenengo getariar gizon eta emakumearentzat.