Mariano Kamioren aurkako zigor eskaerari eutsi diote Fiskaltzak eta akusazioak

Urola Kostako Hitza 2019ko apirilaren 17a

Zortzi urteko kartzela zigorra eskatzen dute Getariako alkate ohiarentzat bai Fiskaltzak, bai akusazioak, Cristobal Balentziaga Museoko irregulartasunengatik. Epaiketaren gaurko saioan hartu dute hitza, eta eutsi egin diete eskaerei.

Getariako Cristobal Balentziaga Museoa. (Aiora Larrañaga)

Aurreko astean, apirilaren 9an, hasi zen Balentziaga auziko epaiketa. Mariano Kamio Getariako alkate ohia da akusatu nagusia, eta hasieratik zortzi urteko kartzela zigorra eskatu dute harentzat, bai akusazioak, bai Fiskaltzak. Epaiketaren gaurko saioan, mantendu egin dute eskakizun hori.

Epaiketako lehen egunean Kamiok medioei esan zien "lasai" zegoela eta "kontzientzia garbi" zeukala. 

Epaiketa Donostiako 2. zigor epaitegian ari dira egiten, eta hiru dira auzipetuak: Mariano Kamio, Julian Argilagos eta Rolando Paciel Gonzalez. Kamio Balentziaga Fundazioko lehendakariordea izan zen eta Berroeta Aldamar elkarteko kudeatzailea; Argilagos, Balentziaga Museoko proiektuaren arkitektoa izan zen; eta Paciel Gonzalez —arkitektoa hori ere—, Argilagosen proiektua burura eraman zuena.

Bederatzi urte pasa dira Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko Fiskaltzak aurrera egitea erabaki zuenetik Getariako Balentziaga museoa eraikitzeko obren inguruko ustezko irregulartasunen auziarekin.

Berez, gaur da amaitzekoa epaiketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide