Ekainaren 1ean jokatuko da Trikitilari Gazteen Getariako 20. Txapelketa, Euskal Jai Egunean. Antolatzaileek jakinarazi dute tokia eta ordua ere: Berdura Plazan egingo dute, 17:00etan.
18 urte edo gazteagoek har dezakete parte lehiaketan, eta sei bikote sailkatuko dira. Deialdia irekia denez, bikote asko apuntatuko balira, txapelketaren aurretik kanporaketa egingo lukete.
Oinarriak eskuragarri
Izena emateko epea zabalik dago, maiatzaren 23ra arte, eta parte hartzeko oinarriak testu honen amaierako pdf-an daude ikusgai.
Oinarrietan jartzen du, besteak beste, zer pieza mota jo behar diren, epaimahaia zeinek osatuko duten, eta zer hartuko duten kontuan puntuak ematerako orduan.
Sei bikoteek jasoko dute saria: irabazleek txapela eta 250 euro eskuratuko dituzte; bigarrenek 150 euro; hirugarrenek 100 euro; eta laugarren, bosgarren eta seigarren sailkatuek, berriz, 60na euro.
Getariar bikote onenarentzat saria ere egongo da.