Herritarrak sentsibilizatzeko ekitaldia egin dute Getarian, eta ondoren hondartza garbitu

Onintza Lete Arrieta 2019ko apirilaren 7a

Getariako Gaztetape hondartza garbitzera deitu zuten gaurko Maisor enpresak, Gaztetape Surf Elkarteak eta Urritza aisialdi taldeak. Horien deialdiari erantzunez, herritar dezente bildu da 11:00etan berdura plazan, eta hondartza garbitzera jaitsi aurretik, ekitaldi txiki batean hartu dute parte.

Izan ere, antolatzaileek nahi izan dute herritarrak kontzientziatzea plastikoaren erabilera gehiegizkoaren inguruan, eta nola horrek eragin kaltegarria duen itsasoan eta gure hondartzetan. Horregatik, plastikoz egindako hiru maniki jarri dituzte ikusgai, eta Gaztetape Surf Elkarteko Unai Aldalurrek umeei zuzendutako azalpenak eman ditu, irudiez lagunduta.

Hiru manikiak Panthalassa elkarteak ekarri ditu. Biarrizko eta Donostiako hondartzetan jasotako plastikoarekin eginda daude,eta Maisor enpresako Ainhoa Iribarrek azaldu du gaur hondartzan jasotzen den plastikoa ere elkarte horri emango zaiola, eskultura gehiago egin ditzan. Asmoa da gizartea sentsibilizatzea artearen bidez.

Berdura plazako ekitaldia amaitu denean, bertan elkartutako haurrak taldeetan banatu ditu Urritza aisialdi taldeak, eta haur eta heldu, denak batera jaitsi dira Gaztetapera.

Maisor, 20 urte eta herrira begira

Hondartza auzolanean garbitzearen ideia Getariako Maisor enpresarena izan da. Antxoa kontserbak egiten ditu, eta aurten 20 urte beteko ditu. Herriko familia baten enpresa da, eta horietako bat da Iribar. HITZAri kontatu dio urte berezia izatea nahi dutela hau, "herrian eragin positiboa edukita, ardura hori ere sentitzen dugulako".

Horregatik, urtean zehar gaurkoa bezalako ekimen gehiago egingo dituzte, "gu kezkatzen gaituzten gaiak ardatz hartuta: itsasoa eta elikadura".

Itsasoaren zaintzarekin lotuta antolatu dute gaurko ekitaldia. "Lehen garbitzen zen hondartza, baina azken urteetan ez da egin, eta guretzat garrantzitsua da itsasoa, gure lehengaia delako arraina. Baina ez genuen guk bakarrik egin nahi hau, herriko eragileekin elkartu nahi genuen", eta horrela antolatu dute surf elkartearekin eta aisialdi taldearekin batera.

Elikadura osasuntsu eta jasangarria da inporta zaien beste gaietako bat, eta horregatik, ekainean tailerra egingo dute Libe Garmendia dietistaren gidaritzapean. "Arrainaren kontsumo onaz hitz egingo dugu, eta hori nola sar daitekeen umeen dietan". Ekainean izango dela aurreratu du, data zehatza oraindik ez dakien arren.

Maisorren saltokira begira ere jarri nahi dituzte herritarrak. Batetik, kanpoko horman Udane Juaristi artista azkoitiarraren mural bat jarri dute–non emakumeak diren protagonista–. Bestetik, Panthalassaren hiru manikiak ikusgai egongo dira saltokian bertan apirilaren 18tik 22ra. "Erakusketa ibiltaria da, aurrez Aquariumen eta beste hainbat tokitan egon da ikusgai", azaldu du Iribarrek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide