Larunbatean jokatu zen Ordiziako Argi Berri elkartean 48. Osinalde sariketarako lehenengo kanporaketa, eta, bertan, Eli Pagolak eta Danel Olano getariarrak finalerako txartela eskuratu zuten. Bi bertsolari horiez gain, beste lauk hartu zuten parte: Paule Loizagak, Elixabet Etxandik, Kerman Diazek eta Jokin Irastorzak. Danel Olanok Argi Berri sariaz gain, entzuleen saria ere irabazi zuen. Finala apirilaren 27an jokatuko da Gabiriako Osinalde elkartean.
Hurrengo kanporaketak
Gainerako finalisten izenak datozen asteetako kanporaketetan zehaztuko dira. Larunbat honetan Osin Berde saria jokatuko da Zaldibian, eta bertsolari hauek hartuko dute parte: Unai Anda, Ane Beloki, Markel Eizagirre, Oier Etxeberria, Andoni Mujika eta Ane Zuazubiskar. Hurrengo larunbatean, berriz, Aztiri sariaren txanda izango da Gabirian. Gazte hauek izango dira kantuan: Peru Abarrategi, Ibai Amillategi, Josune Aramendi, Joanes Illarregi, Beñat Mujika eta Ane Peñagarikano.