Aurrekontuen lanketa "traketsa" salatu du Getariako EAJ-k

Urola Kostako Hitza 2019ko martxoaren 30a

Getariako alderdi jeltzaleak EH Bildu "getariarron dirua xahutzen" ari dela salatu du, eta gestio ekonomiko "traketsa" egotzi dio.

Getariako EAJk dioenez, "inprobisazioa da EH Bilduk Getariarentzako duen proiektu bakarra".  Gobernuan dagoen alderdiak berak diseinatutako aurrekontuaren gainean 20 zuzenketa proposatu zituen, eta EAJren ustez, "keinu horrek adierazten du zer nolako proposamena egin zuten".

Jeltzaleek ere 18 zuzenketa aurkeztu zituzten: "EAJren lehentasuna izan da une oro herritarren onurakoak izango diren proiektuak txertatzea EH Bilduren proposamenean, alderdikerietatik haratago, herritarren ongizatea bermatuz". Zuzenketa horietatik zazpi onartuak izan dira. Besteak beste, Keta edota Salbatore abesbatzaren diru-laguntzen osaketa, turismo plana sortzea, herri bideen hobekuntza, surfeko lokalaren obrak edo gazteriak partida bat izatea.

Horrez gain, EH Bilduren hainbat proiektu kritikatu dituzte jeltzaleek: "Getariarren ongizatea eta bizi kalitatearen bermeak oinarrizkoa izan behar luke eta bere bueltan garatu gainerako esparru guztiak. EH Bilduk Gizarte Ongizate alorrean oso irregularra izan da agintaldian zehar". Etxez etxeko laguntzarena proiektu "garrantzitsua" eta "estrategikoa" dela azaldu du EAJ-k, baina aldi berean, "harago" joan behar duela uste du.

Bestalde, Getariak euskara teknikaririk ez duela behar uste du EAJ-k. "Funtzio hori betetzeko UKUE eta UEMA erakundeak daude, dagokion diru-ekarpenarekin gainera". Izan ere, teknikari horrek ezarritako funtzioak ez dituela betetzen uste dute jeltzaleek. "Getariako EH Bildu herritar guztion dirua xahutzen ari da funtzio berak egiteko hainbat kanal ezberdinetara dirua bideratuz. Kasu honetan, 18.000 euro urtean euskara teknikariaren asteroko 4 orduko lanaldia ordaintzeko.

Adierazgarria iruditu zaie jeltzaleei "EH Bilduk aurkeztutako hainbat proiektu EAJ-k lau urteotan proposatu eta EH Bilduk atzera botatakoak izatea". Esaterako, Erurera-Magallanes bidea, kirol ekipamenduen hobekuntza eta beste hainbat. "Argi dago herritarrengandik hurbil nor dagoen eta nork duen etorkizuneko apustu sendoa gure herriarentzako". "Pozik" dago Getariako EAJ beraien proiektuetako asko barneratu dituelako EH Bilduk aurrekontuan, baina aurrekontuak osatzeko modua "penagarria" izan dela uste dute, urtea hasi eta hiru hilabetera egin direlako, "gardentasun faltarekin". "Presaka eman ziguten dokumentazioa, inolako azalpenik gabe, genituen zalantzak argitzeko gaitasunik ez zuten izan eta helarazitako informazioa oso eskasa izan da".

Aurrezkien beherakada ere salatu dute

Azken urteetan Getariako Udalak ikasturtea defizitarekin ixten duela azaldu du EAJ-k. 2018a, esaterako, 72.332,37 euroko zuloarekin itxi zuela diote. "Hau da EH Bilduk harro azpimarratzen duen gestio arduratsua? 550.000 euroko galerak Getariar guztion diru publikoan? (agintaldi osoa kontuan hartuta)". Laburbilduz, EAJ-k EH Bilduk aurreikusten duena baino "askoz gehiago" gastatzen duela azaldu du, eta horrek "arduratuta" dauzka jeltzaleak.

EAJ-k dioenez, hainbat erakundek, haien artean Gipuzkoako Foru Aldundiak, eskatu dio udal gobernuari Plangintza Ekonomiko bat, "gestio txarraren" ondorioz. "EH Bilduk getariarron diru publikoa xahutzen jarraitzen du. Hau da hurrengo gobernuari utziko dioten legatua".

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide