Baxurako ontziek ia agortu dute berdela sarean harrapatzeko kuota

Maria Maya Manterola 2019ko mar. 28a, 09:21

Arrantzatzea baimendu duten kopuru hori "huskeria" dela uste du Emeterio Urresti Getariako Kofradiako presidenteak. Kuotei neurria hartzea administrazioaren ardura dela iruditzen zaio.

Pasa den astean hasi ziren Getariako ontziak berdela arrantzatzen. Nolanahi ere, sarean arrantzatzea baimendu duten berdelaren kuota ia agortu dute dagoeneko. Europako Batasunak berdela arrantzatzeko kuota %20ra jaitsi zuen joan den abenduan. "Europako Batasunaren jaitsiera txosten zientifikoen ondorio da. Hasiera batean, gainera, jaitsiera % 40koa izatea proposatu zuten", dio Getariako Kofradiako presidente Emeterio Urrestik. Jaitsierari aurre egiteko, Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak 2,3 milioi kilo berdel gehiago harrapatzeko aukera eman die Kantauriko eta ipar-mendebaldeko itsasontziei. Hala eta guztiz, baimenduta dagoen kopuru hori "huskeria" dela uste du Urrestik.

Haren hitzetan, neurri horrek ontzi bakoitzak 3.000 kilo berdel gehiago arrantzatzeko aukera ematen badu ere, ez da inondik inora lorpen bat. Urrestiren ustez, duela urte batzuk berdel kopuru altua arrantzatu izana da jaitsieraren arrazoietako bat. "Administrazioan ematen dugu arrantzatutako kilo kopuruen berri, eta ez dugu sekula ezer ezkutatu. Gerora arrantzaleak egiten gaituzte erantzule, baina baimendutakoa arrantzatu besterik ez dugu egin". Horregatik, kuotei neurria hartzea administrazioaren ardura dela uste du Getariako Kofradiako presidenteak.

Amuarekin harrapatzen duten arrantzaleek, ordea, pixka bat gehiago iraungo dute berdeletan. Urrestik azaldu du ekonomikoki etekin gehiago ateratzeko, berdela apurka-apurka harrapatu nahi dutela amuko arrantzaleek. Hala eta guztiz, oro har, neurriak hartzerako orduan arrantzatzeko modua ez dela haintzat hartzen iruditzen zaio Urrestiri. Ontzi industrialetan ere kopuru bera harrapatu dezakete, baina hamabost arrantzale ingururen artean. "Ez da bidezkoa. Itsasoaren ekosistema eta baliabideak zaindu egin behar direla esaten digute. Nork zaintzen du ba itsasoa hobeto?", galdegin du Urrestik.

Arrantzaleak itxaropentsu
Bost espezieren arrantzan jarduten dute baxurako ontziek: berdela, antxoa, hegaluzea, hegamotza eta sardina. Oro har,i txaropentsu daude arrantzaleak. Urrestik dio badaramatzatela bi urte hegaluzearen kuota berehala agortzen. "Konpondu beharrako beste arazo bat da hegaluzearena, kontuan izanik kuota agortu arren itsasoan egon badagoela".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide