Frankismoaren aurka borrokatu eta errepresioa jasan zuten getariar guztiak omendu ditu gaur eguerdian Getariako Udalak, San Anton mendiko Katxapon. Getariako Udalak ez dute ausaz aukeratu gaurko eguna omenaldia egiteko. Izan ere, 1937ko martxoaren 5ean, duela 87 urte, Matxitxakoko gudua izan zen, eta Errepublikaren aldeko Eusko Itsas Gudarostearen itsas armadan 46 getariarrek hartu zuten parte.
Ekitaldi hunkigarria izan da. Hasieran, 1936ko gerran eta ondorengo urteetan Frankismoaren jazarpena bizi izan zuten hainbat getariarren adierazpenak irakurri dituzte bi herritarrek, eta Getariako alkate Nika Lertxundiren hitzen ondoren, oroimen plaka eta ikurrina jarri dituzte Katxapon Frankismoaren aurka borrokatu eta errepresioa jasan zuten getariar guztien omenez.
2016tik lanean
2016an hasi zen Getariako Udala memoria historikoa lantzen, Aranzadiren bitartez. 1936-1945 urteak aztertu eta jaso dituzte azken urtetan, Eneko Sanzen historialariak zuzendutako ikerketan, eta lortutako materiala liburu batean biltzea da Getariako Udalaren asmoa.