Moda eta Ondarea serieko 'Testuinguruak' erakusketak hartu du Cristobal Balenciaga museoa

Urola Kostako Hitza 2019ko martxoaren 1a

Jostun getariarraren piezei adina garrantzia eman nahi diote horiek sortzerako orduan eragina izan zuen testuinguruari.

Cristobal Balenciaga, Moda eta Ondarea serieko bigarren erakusketa zabaldu dute gaur, martxoak 1, jostun getariarrari eskainitako museoan. Balenciagaren historia eta sormenezko bilakaera zeharkatzen dituen bilduma da ‘Testuinguruak’. 80 jantzi piezak osatuko dute erakusketa, gehienak aurrez jendaurrean erakutsi gabeak.


Erakusketaren irekiera ekitaldian Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu duenez, moda sortzaile bat artista izan daiteke, eta era berean, sortzaile batek sorturiko piezak arte izan daitezke. “Galdera, ordea, honakoa da: noiz bihurtzen da jantzia artelan? Noiz bihurtzen da erakusgai eta gainontzekoentzat eredugarri?”, galdegin du sailburuak. Zentzu horretan, azaldu du jostunaren piezen bitartez inguru soziokulturalak eta gertakari historikoak ikertzeko aukera izango dela.


Mundu mailan entitate askok Balenciagaren erakusketak jartzeko interesa agertu dutela azaldu dute museotik. Bestetik, moda erakusketak antolatzen 20 urtetik gora daramatzan Judith Clarkekin lan egitea “plazer bat” izan dela nabarmendu dute.


Clarkek, bere aldetik, museoarekin lan egitea birpentsatzeko, hausnartzeko eta gauzak beste ikuspegi batetik kokatzeko “aukera bat” izan da; batik bat, Igor Uria museoko erakusketen zuzendariarekin. Uriaren hitzetan, ondareari eustea da museoaren zereginetako bat.

Museoaren sei areto hartuko ditu erakusketak, 1.000 metro koadro inguru. 2019ko martxoaren 1etik 2020ko urtarrilaren 12ra bitartean izango da ikusgai, eta 80 jantzi piezek osatuko dute, gehienak aurrez jendaurrean erakutsi gabeak. Museoko bilduman sartutako pieza berriak, Balenciagaren Pariseko artxiboen, Manchesterreko Arte Ederren Museoaren eta Bartzelonako Diseinuaren Museoaren gordailuek eta bilduma pribatuek osatuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide