Frankismoaren errepresioa jasan zuten getariarrak omenduko dituzte

Maria Maya Manterola 2019ko otsailaren 28a

Igandean egingo dute oroimen ekitaldia, Katxapon. Aranzadirekin memoria historikoa lantzeko abiatutako lanketa bukatuko dute.

Frankismoaren aurka borrokatu eta errepresioa jasan zuten getariar guztiak omenduko ditu Getariako Udalak igandean. Hain justu, San Anton mendiko Katxapon oroimen plaka eta ikurrina jarriko dituzte. 

2016an hasi zuen udalak memoria historikoaren lanketa. Aranzadiren bitartez, 1936-1945 urteak aztertu eta jaso dituzte azken urte hauetan. Floren Iribarrek azaldu duenez, askotariko lanak egin dituzte; besteak beste, testigantzak jasotzea, artxiboak ikertzea, eta azkenik, liburua idaztea.

Lanketari amaiera emateko antolatu dute igandeko ekitaldia. Milizianoekin edo eusko gudarostean gerra zibilean parte hartu zuten getariarrei ez ezik, errepresioa jasandakoei, kanporatu zituztenei eta itsasoan hildakoei ere zuzendu diete aitortza. Ez dute ausaz hautatu martxoaren 3a. 1937ko martxoaren 5ean gertatu zen Matxitxakoko gudua, eta Aitor Urresti EAJren bozeramaileak azaldu duenez, «berezia» da data hori: «46 getariarrek hartu zuten parte bertan, kostako herriak kontuan izanik, batez besteko biztanle kopuru altuena». Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gogora oroimen historikoa berreskuratzeko elkarteak ere hartuko dute parte igandeko ekitaldian. 12:00etan izango da, Katxapon.

Beste ekitaldi baten berri ere eman dute: fusilatzera Getariara eraman eta bertan hil zituztenak ere gogoratuko dituzte, hilerrian jarriko duten plakarekin. Nika Lertxundi alkateak zehaztu duenez, bi edo hiru hildakoren berri zuten hasieran. Orain, hiru urte geroago, hogei hildakotik gora jaso dituzte. Udaletik zehaztu dutenez, aurrerago zehaztuko dituzte ekitaldi horren xehetasunak.

Liburuan, emaitzak

Azken hiru urteotan jasotako dokumentazio dena bilduko dute Aranzadi idazten ari den liburuan. 500 aleko tirada aterako dute, Iribarrek azaldu duenez, Aranzadiko Olatz Retegik jaso zituen testigantzak, eta Eneko Sanzek idatzi ditu libururako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide