Meagako Auzo Elkartea eraberritu du Getariako Udalak

Urola Kostako Hitza 2019ko otsailaren 18a

Meagako Auzo Elkartea eraberritzeko lanetan aritu da Getariako Udala azken hilabeteotan. Erabilerarik gabe zegoen biltegia elkartearekin batu dute, elkartearen azalera bikoiztuz. Zehazki, 60 metro koadrotik 120 metro koadrora handitu da elkartearen azalera. Lanak amaitu dituzte dagoeneko.

Elkarteko lurra, argiztapena, leihoak eta hormak ere berritu dituzte. Ekipamendu informatikoa ere osatu dute, besteak beste, inprimagailua, wifia eta ordenagailu berriak jarri dituzte. 20.000 euroko diru partida bideratu dute guztira: 3.000 eurokoa inbertsioa ekipamendua berritzera, eta 17.000 eurokoa elkarteko gainontzeko instalazioetara.

Auzotarren eskaera
Udaletik azaldu dutenez, Meagako auzotarrek agertu zuten auzo elkartea berritzeko beharra. Auzora gerturatzen dira urtero udal ordezkariak, auzotarren beharrak entzutera, eta inbertsio nagusi bezala kokatzen zuten auzo elkartea berritzearena. Aurrerantzean auzotarren esku geratuko da elkartearen erabilera. Lanak egin bitartean auzotarrek emandako laguntza eskertu nahi izan dute udaletik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide