Mundubira 500: Elkano Fundazioak datozen urteetan martxan jarriko dituen egitasmoen berri eman zieten atzo getariarrei, udaletxean egindako aurkezpenean. Bertan izan ziren Nika Lertxundi Getariako alkatea eta fundazioko lehendakaria, Ion Irurzun zuzendaria, Rafael Zulaika proiektuen koordinatzailea eta Alaia Berriozabal proiektuen teknikaria. Herritar ugari elkartu zen udaletxeko areto nagusian, eta beren zalantzak argitzeko tartea ere eskaini zieten.
Fundazioaren sorrera parte hartze prozesu luze baten ondorio izan dela gogoratu zuen Lertxundik. Abenduaren 13an iragarri zuten Ion Irurzun fundazioaren zuzendari lanetan arituko dela; hala ere, ordura arte fundazioaren "barneko lanketan" aritu dira. Irurzunek fundazioaren oinarrietan eta funtzioetan pentsatzeko baliatu du tarte hori. Haren hitzetan, mendeurrena "aitzakia bat" izan da itsas kulturaren ondarea berreskuratzeko. Horregatik, mendeurreneko ospakizunez gain, gaiaren inguruan ikertzea izango da helburua: "Mundubira ahalbidetu zuena balioan jarri nahi dugu".
Iragana ikertu eta ezagutza sortu nahi dute, etorkizuneko proiektuetan ezagutza hori garatu ahal izateko. Proiektuen, ideien eta ekimenen proposamenak jasoko ditu fundazioak; horiek filtratu, koordinatu eta finantzazioa lortzeko.
Oinarri zientifikoak aztertzeko lan akademikoa baliatuko dute. Horretarako, hainbat egitasmo abiatuko dituzte datozen urteetan, besteak beste, tesi doktoralak, Elkano Katedra eta udako ikastaroak. Ezagutza horiek gizarteratzeko, hitzaldi zikloak, dantzaldiak eta musika jaialdiak antolatzea aurreikusi dute. Harreman sareak garatuz, ezagutzak munduratzea izango da hirugarren pausoa.
Berriozabalek azaldu zuenez, zenbait ekimen "efimeroak" izango dira. Nolanahi ere, ondarea uztea izango da erronketako bat. Lau ardatz izango ditu lan prozesuak: elikagaiak eta jasangarritasuna, itsasoaren zaintza, garapena eta ondorioak eta pentsamendu kritikoa. Lan prozesuak emaitzak izan ditzan, ezinbestean kolektiboa izan behar duela nabarmendu zuten. Lan prozesuak eta proiektuak herritarrekin sortu, hausnartu eta partekatu nahi dituzte.
Parte hartze prozesuaren emaitzak eman zizkieten Nika Lertxundi alkateak eta Aitor Urresti Getariako Udaleko EAJren zinegotziak fundazioko lan taldeko kideei. Irurzunen hitzetan, getariarrek zer esan eta egiteko handia izango dute aurrerantzean.