Fundazioaren asmoak, asiprazioak, ideiak, ardurak eta mugak herriarekin konpartitu eta kontrastatzeko, Mundubira 500: Elkano Fundazioa aurkeztuko dute bihar Getarian. Udaletxeko areto nagusian egingo dute aurkezpena, 18:30ean hasita.
Bertan izango dira Nika Lertxundi alkatea, Ion Irurzun zuzendaria, Rafael Zulaika proiektuaren koordinatzailea eta Alaia Berriozabal proiektuaren teknikaria. Juan Sebastian Elkanorekin eta lehen mundu birarekin lotuta, fundazioak egindako lana aurkeztuko dute. Herri mailan garatutako prozesu luze baten ondorio izan zen fundazioa, eta horregatik, lankidetza gune bat bezala jardun behar duela ulertzen dute fundazioko kideek. Aspirazioak herri mailan jarriko dituzte oraingo honetan, baina lankidetza gunea lokaletik abiatu eta nazioarte mailaraino zabalduko dute.