Erromatarren garaiko aztarnategia aurkitu dute Getarian

Aiora Larrañaga 2019ko otsailaren 9a

Getariako Kale Nagusiko eraikin bat goitik behera eraberritzen hasi eta erromatarren garaiko etxe baten aztarnak aurkitu dituzte. Ostegunean egin zuen aurkikuntza Xabier Alberdi historialari eta arkeologoak, eta eremuan argi ikus daiteke harriz egindako lurzorua, baita etxea erori zeneko pareten zatiak ere. "Etxea erori zenean, barruan zeuden objektuak harrapatuta geratu ziren, eta zeramikazko ontzi, anfora eta beste hainbat objekturen zatiak aurkitzen ari gara; ez gutxi batzuk, sei-zazpi poltsa bete ditugu dagoeneko". Ildo horretan nabarmendu du, erromatarrek merkataritzarako kultura handia zutela, eta hondakin asko sortzen zutela. "Erromatarren garaiko aztarnategi bat aurkitzen denean, ohikoa izaten da objektu asko topatzea, batez ere herriguneetan. Eta Getariako aztarnategia oso aberatsa da".

Alberdik azaldu duenez, Getarian aurkitutako aztarnek garaiko bizimoduaren inguruko "hainbat pista" ematen dituzte. "Garai bakoitzean objektu desberdinak ekoizten zituzten eta aztarnategian aurkitu ditugun zeramika zatiak Kristo ondorengo I. eta II. mendeen ingurukoak dira. Horrek esan nahi du, garai horretan Getarian pil-pilean zegoela merkataritza, eta eraikuntza garrantzitsuak ere bazituztela herrian". Izan ere, arkeologoek tokian tokiko zeramikaren ezaugarriak identifikatuta dituzte, eta Getarian aurkitu dituzten objektuen aztarnak ez direla bertakoak argitu du Alberdik. "Anforak, esaterako, ardoa garraiatzeko Burdeostik ekarritakoak dira. Horrek erakusten du beste lurraldeekin zer harreman zuten garaiko getariarrek, zer kontsumitzen zuten edo zer ekonomia mota zuten".

Arkeologia lana
Getariako Alde Zaharrean Erromatarren garaiko eta Erdi Aroko hainbat aztarnategi aurkitu izan dituzte. Izan ere, Euskal Herriko Alde Zaharrak babestuta daude, eta horietako etxeren batean obra egin behar denean, azterketa arkeologikoa egin behar izaten da lehendabizi. Xabier Alberdi izan da Getariako obrako arkeologoa.  "Gure lana lurra altxatzen duten bitartean ikuskatzea da, eta aztarnaren bat aurkitzen bada ikertzea. Ostegunean, aztarnategia aurkitu genuenean, lurra zertxobait mugitzen hasi ginen eta segituan agertu ziren ontzi zatiak. Batzuk etxera eraman eta garbitu nituenean ohartu nintzen aztarnategi aberatsa aurkitu genuela", azaldu du. 

Gaur goizean izan da Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Saileko arkeologoa aztarnategia ikuskatzen, eta erabaki du lurzorua bere horretan uztea, hau da, bertan dauden lurzoru zatiak ez dituzte lekuz mugituko. Hortaz, aztarnei ahal den kalte gutxiena eginda, obrarekin jarraituko dute astelehenean.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide