Martxoaren 2an ospatuko dira inauteriak Getarian, eta festa iragartzeko, kartel lehiaketa antolatu du udalak. Otsailaren 18ra bitartean aurkeztu ahal izango dituzte lanak getariarrek, udaletxean edo udal liburutegian.
Kartelak Getariako inauteriak 2019 testua eraman beharko du, lelo batekin lagunduta. Edozein eratako lanak onartuko ditu epaimahaiak; hala ere, 16 urtetik beherako parte hartzaileen lanek eskuz eginak izan beharko dute. A3 neurrian aurkeztu behar da lana, eta parte hartzaile bakoitzak bi lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez ere. Egilearen izena eta datuak gutunazal batean sartuta aurkeztu behar dira, eta kartelak ez izenpetzeko eskatu dute.
Otsailaren 18an itxiko dute lanak aurkezteko epea, 19:00etan, eta epez kanpo ez dute lanik onartuko. Udaletxean edo udal liburutegian aurkeztu beharko dira proposamenak. Kultura Batzordeak, herriko artistek eta herri eskolako irakasleek osatutako epaimahaiak astebeteko epean emango du erabakiaren berri. Saritutako kartelek inauterietako egitaraua iragarriko dute, eta udalaren esku geratuko dira. Horrez gain, aurkeztutako lan guztien argitarapen eskubideak ere udalak izango ditu.
2-5 urte bitarteko irabazlearentzat, 1. mailatik 3. maila bitartekoarentzat eta 4. mailatik 6. maila arteko irabazlarentzat opari bana izango dute prest antolatzaileek. 12 eta 15 urte bitarteko lan onenari, aldiz, 60 euroko ordainsaria emango diote. Helduen kategoria 16 urtetik gorako parte hartzaileek osatuko dute, eta 150 euro jasoko ditu proposamen onenak.
Aurkeztutako kartelekin erakusketa egingo dute udaletxeko sarreran, otsailaren 25etik martxoaren 5era arte. Saririk gabeko proposamenak erakusketa itxi eta hurrengo bi asteetan eskuratu ahal izango dituzte egileek.