Getariako Udalak 3,7 milioi euroko aurrekontua izango du aurten

Urola Kostako Hitza 2019ko otsailaren 1a

EH Bilduren aldeko zazpi eta EAJren aurkako hiru botorekin onartu zuten aurrekontua asteazkeneko udalbatzarrean. EAJk aurrekontua aztertzeko aukerarik egon ez izana salatu du.

Iker Azkue Getariako Ogasun zinegotziaren arabera, 3.702.000 euroko aurrekontua izango du Getariako Udalak aurten. Iazko aurrekontuarekin alderatuta, %1 igo da; zehazki, 40.000 euro gehiago.

Azkueren hitzetan, "Getaria hobetzen jarraitzek" aurrekontua da EH Bilduk proposatu duena. Horretarako, ongizatean, euskaran, hezkuntzan, memoria historikoan, parte hartzean, ingurumenean eta kirolean egingo dituzte inbertsio nagusiak. Ongizatean, esaterako, 317.000 euroko partida izango du udalak. Etxez etxeko laguntzara bideratuko dute gehiena; zehazki, 105.000 euro.

Kiroldegiko berrikuntza lanekin jarraituko dute aurten. Iaz gertatu bezala, diru partida altuena bideratuko dute horretara, 250.000 euro. Kulturarekin lotuta, herriko talde eta eragileen artean 150.000 euro banatuko dituzte. Azkuek dioenez, "herriko dinamikaren motore" dira.

Parte hartzera, aldiz, 70.000 bideratuko dituzte. Kale garbiketa egiteko eta surfeko etxola berritzeko baliatuko dute inbertsio horren zati bat. Bestetik, 60.000 euroko diru partida gorde dute euskara arlorako.

Azken zortzi urteetako "kudeaketa ona" nabarmendu zuen Azkuek. Haren hitzetan, "iraganeko maileguak eragindako zorra" 943.000 eurora jaitsiko dute urte bukaerarako. Guztientzat berri pozgarria dela uste du Ogasun zinegotziak, eta gogoratu du 2011n diputazioak ia interbenitu egin behar izan zuela.

EAJren kontrako hiru boto jaso ditu aurrekontuaren proposamenak. Aitor Urresti EAJko zinegotziak aurrekontuak negoziatu nahi ez izana egotzi dio koalizioari. Urrestiren arabera, jeltzaleek ez dute aurrekontua lantzeko edo ekarpenak egiteko aukerarik izan. Datozen egunetan aztertuko dute aurrekontua, eta gero erabakiko dute alegazioak sartu edo ez. 

‘Aita Mari’ ez itsasoratzeko ebazpenaren aurka
Euskal Herriko Itsas Salbamendu Humanitarioa eta ProemAid gobernuz kanpoko erakundeek kudeatzen duten ontziari itsasoratzeko baimena ukatu zion Itsas Kapitaintzak.

Itsas Salbamendu Humanitarioko kideek jasotako ebazpena salatzeko mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk asteazkeneko udalbatzarrean, eta aho batez onartu zuten. Aitor Urrestik azaldu zuenez, ez da bidezkoa "inolako azalpenik gabe" itsasoratzea ukatzea. Itsasoratzeko oztopoak jartzen aritu direla uste du Urrestik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide