Sahatsaga kiroldegiaren berrikuntzaren bigarren faseari ekingo diote, 175.000 euroko diru laguntza lortuta

Urola Kostako Hitza 2019ko urtarrilaren 28a

Itsaspen programaren 175.000 euroko diru laguntza "baliagarria" lortu du udalak. Ekarpen horri esker, Sahatsaga kiroldegiko berrikuntzaren bigarren faseari ekingo diote: kiroldegiaren fatxada nagusia berritu eta spinningeko bizikleta berriak jarriko dituzte, besteak beste.

Kostaldeko herriei zuzendutako Itsaspen programaren 175.000 euroko diru laguntza lortu du Getariako Udalak. Ekarpen horri esker, Sahatsaga kiroldegiko berrikuntzaren bigarren faseari ekingo diote. 

Padel kantxa berria egiteko baliatuko dute diru laguntza. Eraikin berria gehituko zaio kiroldegiari, egun harri-lubeta dagoen lur zatian. Era horretan, libre geratuko da gaur egungo padel kantxa, eta, kiroldegi barruko espazioa aprobetxatu ahal izango da. Egungo beharrei modu eraginkor batean erantzutea da lanen helburu nagusia. 

Iaz ekin zieten lanei. Hainbat berrikuntza egin dute ordutik, esaterako, komun berriak, igogailua, aldagelak, harrera gune berria, muskulazio gela, ur zikinen eta euri uren banaketa, eta instalazio elektrikoa. 

Bigarren faseko lanak amaitzeko, kiroldegiaren fatxada nagusia berrituko dute. Barruko ekipamenduan ere egingo dituzte aldaketak: besteak beste, spinningeko bizikleta berriak jarriko dituzte. Guztira, 500.000 euroko inbertsioa egitea aurreikusi dute. Inbertsioaren zati bat egin dute dagoeneko, eta gainontzekoa aurten bertan egitea da asmoa. 

Kirola eta kirolak dakartzan onurak guztien eskura egotea nahi dute, Getariak etorkizunean izango dituen beharrei ahalik eta egokien erantzungo dien kiroldegiarekin. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide