Getariako EAJk salatu du udalak inbertsioen erdia gauzatu duela

Urola Kostako Hitza 2019ko urtarrilaren 25a

Getariako EH Bilduk "proiektu politikorik ez" duela eta udal aurrekontuak "ezjakintasunez" osatu zituztela dio EAJk; sarrera-irteeretan "akats ugari" zeudela.

4.315.000 milioi euroko aurrekontua onartu zuen Getariako Udalak 2017an, EAJren aurkako botoekin. Jeltzaleen ustez, getariarren beharrei erantzuten ez zieten aurrekontua zen hura. 980.000 euroko inbertsioa aurreikusi zuten aurrekontu horretan.

Aitor Urresti Getariako bozeramailearen hitzetan, aurrekontuak "eskasak" ziren, eta 2017 bukaeran egindakoa are gehiago: "Inbertsioen % 54,8 soilik gauzatu zuten, 980.000 eurotik 537.182,91 euro ekitaldi osoan". Horrez gain, abian jarritako proiektuen % 30 urte bukaeran amaitzeko zeudela ere azaldu du.

Bestetik, sarreren eta gastuen atalean, akats ugari ere egon zirela uste du Urrestik: "Zeharkako zergen aurreikuspenak handizalegiak ziren, urtero esaten dugu EH Bilduren aurrekontuetan ez dela erreala izaten atal hau". Zehazki, 2017an aurreikusitakoa baino 20.000 euro gutxiago jaso izana salatu du EAJk. Beste hainbat datu ere eman dituzte: kapital transferentzien atalean 233.000 euro aurreikusi eta 136.828,75 euro jaso izana, besteak beste.

Ondorioz, EH Bilduren Udal Gobernuak proiektu estrategikorik lantzen ez duela irizten dio Urrestik. "Herri txikia gara eta finantziazio iturri hau behar beharrezkoa da herriaren hazkunderako", gaineratu du.

2017ko aurrekontuen emaitza defizitarioa izan zela azaldu du bozeramaileak; zehazki, udalak 29.807,94 euroko galerak izan zituela. Urrestiren arabera, udal idazkariak iaz adierazi zuen EH Bildu udalaren errekurtsoen erabilera desegokia egiten ari zela.

Udalak urte gutxian arazo finantzieroak izan ditzakeela uste dute jeltzaleek. Udal kutxan 754.730,93 euro daudela, eta hori amaitzen denean zer egingo duten galdetu dio koalizioari: "Herritarrei zergak igo? Edo gastu publikoa nabarmen jaitsi herritarren kaltetan?"

Zazpi urteotan proiekturik garatu ez dutela uste du EAJk. Era horretan, herriarentzako proiektu politikorik ez izatea eta aurrekontuak osatzeko ezjakintasuna leporatu die.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide