Balenciaga museoan ‘Testuinguruak’ erakusketa zabalduko dute martxoan

Urola Kostako Hitza 2019ko urtarrilaren 25a

Balenciagaren historia eta sormenezko bilakaera zeharkatzen dituen bilduma da ‘Testuinguruak’. 80 jantzi piezak osatuko dute erakusketa, gehienak aurrez jendaurrean erakutsi gabeak.

Sasoi berriari begira jarri da Getariako Cristobal Balenciaga museoa. Urtarrilean sartzearekin batera, aurtengo programazioaren berri eman dute. Martxoaren 1ean zabalduko dute erakusketa berria: Testuinguruak, firma ospetsuaren historia eta jostunaren sormenezko bilakaera zeharkatzen dituen bilduma.

Ibilbide kronologikoa proposatuko du, jostunaren obraren bilakaera etapaz etapa ezagutu ahal izateko. Hain zuzen ere, Balenciagaren sormenezko prozesuaren inguruan hitz egiten dute hautatutako piezek.

Erakusketaren izenburuak iradoki bezala, jostunaren obren testuinguruak aztertzeko asmoz sortu dute bilduma. Museoaren sei areto hartuko ditu erakusketak, 1.000 metro koadro inguru. 2019ko martxoaren 1etik 2020ko urtarrilaren 12ra bitartean izango da ikusgai, eta 80 jantzi piezek osatuko dute, gehienak aurrez jendaurrean erakutsi gabeak. Museoko bilduman sartutako pieza berriak, Balenciagaren Pariseko artxiboen, Manchesterreko Arte Ederren Museoaren eta Bartzelonako Diseinuaren Museoaren gordailuek eta bilduma pribatuek osatuko dute.

Eskolak eta ikastaroak
Erakusketaz gain, programazio zabala antolatu dute. Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroen testuinguruan, Modaren etika baterantz udako eskola antolatu dute. Bestetik, masterclass eran zenbait ikastaro ere eskainiko du museoak, udaberrian, udazkenean eta neguan. Javier Martin eta Miguel Elolaren eskutik, saio teoriko eta praktikoen bitartez.

Udaberrian tokiko diseinuaren guneari buruzko edizio berria jarriko dute abian, euskal artista, artisau eta diseinatzaileekin. Beste kultur proposamen batzuk ere eskainiko dituztela iragarri dute Getariako museotik: tailerrak, jardunaldiak, hitzaldiak...

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide