Festa giroan aurkeztu dute txakolinaren uzta berria

Urola Kostako Hitza 2019ko urtarrilaren 17a

Getariako Txakolina jatorri izenak 2018ko uztako txakolina aurkeztu du gaur, San Anton egunez, Getariako frontoian jarritako karpan. Bertan izan dira Emilio Ostolaza jatorri izenaren elkarteko presidentea, upategietako ordezkariak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako kideak.

Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olanok parte hartu du ekitaldian, eta haren ustez, 2019a "bereziki garrantzitsua" izan da getariarrentzat; izan ere, duela bost mende hasi zuen Joan Sebastian Elkanok munduaren itzulia. Getaria euskal kulturan "oso errotuta" egonagatik, "munduari zabalik" dagoela uste du Olanok. Gipuzkoako probintzia 1397an sortu zela ekarri zuen gogora: "Urte hartan Getarian sortu zen Gipuzkoa. Ordenantza batzuk onartu ziren, eta ordenantza horien hemezortzigarren puntuan mahastiak aipatzen ziren".

Jakitea, Mahasti Jaun

Jakitea elkarteko kideak igo dira jarraian oholtza gainera. Bertako sukaldaritzaren alde egindako lanagatik jaso dute San Anton eguneko omenaldia, Markel Olanoren eta Emilio Ostolazaren eskutik.

Gure Txeru eta Gazte Alaiak taldeko kideek aurreskua egin diete, eta ondoren iritsi da eguneko une garrantzitsuena: uzta berriko botilen irekiera. Getariako Txakolina jatorri izeneko upategietako ordezkariak oholtza gainera igo eta, Jakiteako eta instituzioetako ordezkariekin batera 2018ko uztako txakolinarekin egin dute topa. Gipuzkoako 33 upategik parte hartu dute Getariako Txakolina jatorri izenaren 2018ko uztan; horien artean, Aiako hiruk, Getariako hamabik, Zarauzko zazpik eta Orioko batek.

Euriak ez du festa eragotzi, eta giro bikaina izan da nagusi goiz osoan zehar. Herriko frontoiaz gain, Harritarten ere zenbait postu jarri dituzte jatorri izeneko upategiek. Bertako produktuekin egindako mokadutxoak ere dastatu dituzte gerturatutakoek, edari preziatuarekin lagunduz. Igandera arte jarraituko du jai giroak Getarian; Musika Bandak sanantonetarako prestatutako kontzertuarekin emango bukatuko dira San Anton jaiak. Salbatore Deunaren parrokian izango da emanaldia.

Hona hemen gaur goizeko irudien bilduma:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide