Felix Azurmendi Azkoitiko erretoreak bedeinkatu du 'Aita Mari' erreskate ontzia

Ane Olaizola 2019ko urt. 16a, 12:43

Igandean bedeinkatu zuten Getariako itsasontzia Pasaiako portuan, eta han izan ziren Azkoitiko Esku Bidez taldeko kideak ere.

Felix Azurmendi eta Esku Bidez elkarteko kideak, 'Aita Mari' ontzian. (Esku Bidez)

Euskal Herriko Itsas Salbamendu Humanitarioa eta ProemAid gobernuz kanpoko erakundeek datozen egunetan abiatuko dute Aita Mari erreskate ontzia Mediterraneo itsasora, eta itsasoratzearen atarian, bedeinkatu egin dute itsasontzia. Hain zuzen ere, Felix Azurmendi Azkoitiko erretoreak eman dio bedeinkapena ontziari, Azkoitiko Esku Bidez taldeak lagunduta.

Igandean bedeinkatu zuten Aita Mari Pasaiako portuan (Gipuzkoa) –handik abiatuko da itsasontzia–, eta Azurmendirekin batera, han izan ziren, besteak beste, Esku Bidezeko kideak. Izan ere, migratzaileen egoera gizarteratzeko nahiz SMHri laguntzeko, elkarteak kanpaina egin zuten joan zen urtearen amaieran Azkoitian, eta hainbat ekitaldi antolatu zuen herrian. Hain zuzen ere, ekintza horietan bildutako dirutik 7.281 euro eman zizkion elkarteak gobernuz kanpoko erakundeari, eta emandako laguntza zela eta gonbidatu zituzten elkarteko kideak ontziaren bedeinkaziora.

Aita Mari ontzia Getarian baxurako arrantzarako erabilitakoa da; 32 metroko luzera du eta Pasaiako Kai-Alde ontziolan eraberritu dute. Ontziak ospitale materiala eramango du erreskatatutako pertsonen beharrei erantzuteko. Hasiera batean, ontzia joan zen abuztuan itsasoan egotea espero zuten proiektuaren bultzatzaileek, baina atzeratzen joan da haren itsasontzia, besteak beste Espainiako Gobernuak eman beharreko baimenak tarteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide