San Anton jaietan murgilduko dira getariarrak gaurtik igandera arte

Urola Kostako Hitza 2019ko urtarrilaren 16a

Bihar, San Anton egunez, festa giroan Getariako Txakolinaren uzta berria aurkeztu eta dastatzeko aukera izango da. Beste hainbat ekitaldi ere izango da igandera bitartean.

San Anton jaien bueltan, hainbat ekitaldi izan da pasa den asteburuan Getarian. Halaber, aste honetan hasiko dituzte festak ofizialki. Bihar, San Anton egunez, izango dira ospakizun nagusiak; besteak beste, Getariako Txakolinaren uzta berria aurkeztuko dute. Hala ere, asteburuan festak jarraipena izango du.

Getariako Txakolina jatorri izeneko 2018ko uztan ekoitzitako txakolinaren datuak eman dituzte dagoeneko: 3.475.000 kilo mahats jaso zituzten eta 3.100.000 botila inguru ekoitziko dituzte. 2017ko uztarekin alderatuz, % 10 jaitsi da txakolin botilen produkzioa.

Getariako Txakolina jatorri izenak txakolin zuria ekoizten du batik bat; zehazki, ekoizpen osoaren % 90a. Ia % 10a txakolin gorria da, eta Ameriketako Estatu Batuetara eta Ingalaterrara esportatzen dute. Txakolin beltzaren elaborazioa, aldiz, "guztiz anekdotikoa" dela azaldu dute jatorri izenetik.

Udaberrian euria egin izanak landarearen loraldia zaildu zuen, eta "klimatologikoki urte zaila" izan dela adierazi du Getariako Txakolina jatorri izena elkarteak. Horrez gain, uztaileko hezetasun maila handiak eta lainopeko egunek mahastien gaixotasunen sorrera eragin dutela azaldu dute. Hala, mahatsa mailatuta jaso zuten udazkenean. Dena den, kalitatezko mahatsa bildu dute. Iazko mahatsarekin alderatuz, gradu gehiagokoa izan da aurtengoa; eta, ondorioz, txakolina 11,5º gradukoa izango da, batez beste. Mahasti bakoitzak duen heldutasun mailaren arabera eta ekoitzi nahi den txakolin motaren ezaugarrien arabera egiten du bilketa upategi bakoitzak.

Salmentak gora 2018an
Salmenten inguruko hainbat datu ere eman ditu Getariako Txakolina elkarteak. 2017. urteko salmentekin alderatuz, % 2,5 igo dira edari preziatuaren salmentak. Gipuzkoa da txakolinaren oinarrizko merkatua. Emandako datuen arabera, salmenta guztien % 80a saltzen da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Euskal Herritik kanpo, Madril eta Bartzelona dira salmenta gune nagusiak; nazioartean, berriz, AEB,
Frantzia, Ingalaterra, Japonia eta herrialde nordikoak dira txakolinaren erosle nagusiak.


Ondarrabi zuri, nagusi
Ondarrabi zuri mahatsa da Getariako Txakolinaren barietate bereizgarria. Mahastien % 95ean aurkitzen da. Ondarrabi beltza, berriz, mahastien % 3an dago, eta gainontzeko % 2a mahats zuriak osatzen du: Chardonay, Riesling, Gros Manseng eta Petit Courbuk mahats barietateek, besteak beste. Upategietan sartzen den mahatsaren % 20 ezin izaten dute gainditu azken mahats zuri barietate horiek, Ondarrabi Zuri mahatsa oinarrizko barietatea izan dadin.

San Anton jaiak

Urtarrilak 16, asteazkena. 
– 17:00. Txokolate beroa bizkotxoekin, plazan.
– 18:00. Tomaxen abenturak taldearen eskutik, 10 urte pailazo ikuskizuna, frontoiko karpan.
– Ondoren, buruhandiak kalez kale, Gazte Alaiak txistulari taldeak lagunduta.
– 22:00. Ilargi Beltza taldearekin erromeria, plazan.

Urtarrilak 17, osteguna. San Anton Eguna.
– 09:00. Diana, Gazte Alaiak txistulari taldearekin.
– 11:00. Meza nagusia.
– 10:30. Azoka, Harritarten, plazan eta Berdura Plazan.
– 12:15. Txakolin uzta berriaren aurkezpena, 3 taula txalaparta taldeak girotuta. herriko frontoian.
– Ondoren, txakolin dastaketa, herriko frontoian eta Harritarten.
– 13:30. Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak eta 3 taula txalaparta taldeak, udaletxeko balkoitik.
– 18:00. Herri kirolak, herriko frontoian. Aizkoran: Aitzol Atutxa, Julen Larrea, Iker Vicente eta Hodei Ezpeleta. Harri jasotzen: Mikel Lopetegi Urra eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a.
– Jarraian, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak, udaletxeko balkoitik.

Urtarrilak 20, igandea
– 09:30. Diana, Getariako Musika Bandarekin.
– 12:30. Getariako Musika Bandaren Sanantonetako Kontzertua, Salbatore Deunaren parrokian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide