Haritz Alberdi (kamiseta morearekin) Getariako EH Bilduren batzarrean.
Getariako EH Bilduk Haritz Alberdi alkategaia eta Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako Foru Aldundirako ahaldun nagusigaia aurkeztuko ditu gaur arratsaldean, 18:30ean, Berdura plazan.
Ekitaldi politikoan, saio dinamiko baten bitartez, beren proposamenak herritarrekin elkarbanatzeko tartea hartuko dute Alberdik eta Izagirrek. Herriko merkatariekin elkartuko dira aurrez EH Bilduren bi hautagaiak, haien beharrak ezagutu eta proposamenak partekatzeko. Elkano Arrantzaleen Kofradia ere bisitatuko dute ondoren, eta Emeterio Urresti Kofradiako lehendakariarekin bilduko dira bertan. Herriko zenbait arrantzale ere izango da bisita horretan, eta arrantzaren sektorearen inguruan hausnartuko dute.