Joan den astean aurkeztu zuten pilota jaialdia, Sahatsagan. (Argazkia: Artzape)
Urte hasierarekin batera ospatzen dituzte Getarian San Anton jaiak. Datorren astean izango dira ospakizun nagusiak; hala ere, festa giroan murgiltzen hasteko hainbat ekitaldi antolatu dute asteburu honetarako.
San Anton jaien barruan, Eskuz Binakako Pilota Txapelketako partidak jokatuko dituzte gaur Sahatsaga pilotalekuan. 22:00etan hasita, Agirre eta Salaverri Alberdi eta Erasunen aurka arituko dira binakako promozio txapelketan. Segidan, Bengoetxea VI. eta Imazek Artola eta Mariezkurrena II.aren aurka jokatuko dute norgehiagoka. Turismo Bulegoan salduko dituzte sarrerak aurrez. 25 euroren prezioa izango dute kantxako sarrerek, eta 20 euroren truke erosi ahal izango dira harmailakoak.
Igandean jarraituko dute jaietako ospakizunek, Cristobal Balenciaga Museoan antolatu duten bertso saioarekin. Oholtza gainera igoko dira Amets Arzallus, Onintza Enbeita, Unai Iturriaga, Aimar Karrika, Alaia Martin eta Danel Olano bertsolariak, eta haiei gaiak jartzeko ardura izango du Ane Ezenarrok. Saiorako sarrerak 5 euroan salduko dituzte aurrez, Turismo Bulegoan. Nolanahi ere, Cristobal Balenciaga Museoko leihatilan eros ahal izango da sarrera bertso saioaren egunean bertan, igandean.