Elkano, (ez)ezagun hori

Urola Kostako Hitza 2019ko urtarrilaren 10a

Bostehun urte dira munduari lehen aldiz bira eman zion espedizioa abiatu zela: Magallaesek hasi zuen, eta Elkanok amaitu, hiru urtera. Historialari batzuen ustez, ezaguna da Elkanoren figura; beste batzuen ustez, ez. Ikerketa sakonagoak eskatu dituzte, baita gertatutakoak modu kritikoago batean aztertzea ere. Hona hemen Maialen Unanue Irureta BERRIAko kazetariak egindako erreportajea.

Elkano. Munduari lehen bira-Elkano 500 ekitaldian, horrela antzeztu zuten Elkano, Balentziaga museoan, 2016an. (Argazkia: Jon Bernardez) Bostehun urte betetzear dira: 1519ko irailaren 20an abiatu zen munduari lehen aldiz bira emango zion espedizioa, Fernando Magallaes buru zuela. Magallaes, ordea, urte eta erdi geroago hil zen, 1521eko bataila batean, eta Juan Sebastian Elkano getariarrak hartu zuen espedizioaren lema, eta 1522ko irailaren 6an heldu zen San Lucar de Barramedara (Espainia), hamazazpi kiderekin batera, Victoriaontzian. Horixe Elkanoz gehien ezagutzen dena: hortik harago, ezer gutxi, historialari batzuen iritziz. Xabier Alberdi historialaria uste horretakoa da, esaterako. «Bistakoa da Elkanoren figura historikoki baztertua izan dela, eta baztertze hori nahita egindakoa izan da askotan: hori dela eta, ez dugu ezagutzen, ezta mundu mailan ere». Mundubira 500: Elkano fundazioa sortu dute Getariako marinelaren jarduna «goraipatzeko», eta horren aholkulari dabil Alberdi. «Beti bigarren mailan» utzi izan dute, eta horrek sortu du Elkanoren inguruko ezezagutza, haren esanetan. «Jatorrizko arazoetako bat da, hain zuzen, ez Elkanok ez haren inguruko inork ez zuela bere bertsioa argitara eraman», nabarmendu du. «Bazterketa» hori azaltzen duten arrazoi gehiago ere badaude, ordea. Batetik, Antonio Pigafetta historialariak idatzitakoak daude: «Espedizioan banaketa bat gertatu zen kideen artean: hainbat arazo izan zituzten, eta banaketa horretan, Pigafetta talde baten alde jarri zen, eta Elkano beste taldekoa zen; nahita baztertu zuen Elkano». Bestetik, nazio estatuen sorrera aipatu du Alberdik: «XIX. mendean, nazio-estatuak sortzearekin batera, historia nazionalak idazten hasi ziren, estatu horiek justifikatzeko: Espainiaren historiaz hitz egiten hasi ziren 3.000 urte balitu bezala, nahiz eta orduan sortu berria zen». Orduantxe puri-purian zegoen Espainiaren eta euskal lurraldeen arteko arazoa, Alberdik gogoratu duenez: «Testuinguru horretan, Euskal Herriak monarkia horri egindako ekarpenak isilarazi egingo dituzte espainiarrek, ez zaizkielako komeni: eman nahi zuten irudia zen Euskal Herria ez dela sekula protagonista izan Espainiaren historian». Erreportajea osorik irakurtzeko, klikatu hemen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide