Abenduaren 26an irekiko dute izena emateko epea Getariako Sahatsagako babes ofizialeko eta tasatutako etxeetan

Nerea Uranga 2018ko abenduaren 22a

Getariako Sahatsagan 60 etxe eraikiko dituzte: hogei babes ofizialekoak, hogei tasatutakoak eta hogei libreak

Sahatsaga goian eraikiko dituzten etxeak (Getariako Udala). Getariako Sahatsaga goiko bigarren fasean eraikiko dituzten babes ofizialeko eta tasatutako etxebizitzetan izena emateko epea abenduaren 26an zabalduko dute, eta urtarrilaren 23ra bitartean egongo da irekita. Izena Getariako udaletxean eman beharko da, eskaera orriak beteta eta ziurtagiriak bertan aurkeztuta. Guztira, 60 etxebizitza eraikiko dituzte Sahatsagan: hogei babes ofizialekoak, hogei tasatuak eta hogei libreak. Etxebizitza horietarako izena emateko oinarriak joan den abenduaren 5ean onartu zituen Getariako Udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide