Abenduaren 5ean onartu zituen Getariako udalbatzarrak Sahatsaga Goiko etxebizitza tasatu eta babestuen oinarriak. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dituztenean irekiko da eskariak egiteko epea, eta hogei egun izango dituzte herritarrek eskaera horiek aurkezteko. Nolanahi ere, epea irekitzen denean udalak publikoki iragarriko duela azaldu du.
Babes ofizialeko etxebizitzen kasuan, beharrezkoa izango da azken hamar urteetako gutxienez hiru urtetan herrian erroldatuta egotea etenik gabe, hamar urte horietan Getarian lan egitea, edo azken hiru urteetan bertan lan egin eta 15 urteetako gutxienez bostetan erroldatuta egotea. Herritarrek ez badituzte betetzen baldintzok, Urola Kostako bizilagunei zabalduko zaie aukera; gainerakoei, ondoren.
Babes Ofizialeko Etxebizitzen baldintza berak bete beharko dituzte eskatzaileek etxebizitza tasatuen eskaera egiteko. 20.000 eta 50.700 euro arteko diru sarrerak bermatu beharko dira 2017an. Kupoei dagokionez, etxebizitza bat gordeko da mugikortasun arazoak dituztenentza; hiruna logelako hiru familia ugarientzat; bina gelako lau 25 urtetik beherako gazteentzat; bat 35 urtetik gorako pertsona bakarrekoarentzat; eta, 11 gainerakoentzat.
Aurkeztu beharrekoa
Hautagaiek aurkeztu beharreko dokumentazioaren berri eman dute udal ordezkariek. Honako hauek dira dokumentuak: eskatzaile eta bikotearen NAN fotokopia, 2017ko errenta aitorpenaren kopia edo 10-T ziurtagiria, errolda edo bizikidetza agiria, familia liburuaren fotokopia, izatezko bikoteen erregistroan izena eman izanaren agiria eta Etxebideren agiria. Familia ugarien kasuan, tituluaren fotokopia ere aurkeztu beharko dute eskatzaileek; eta mugikortasun urriko pertsonen kasuan, mugikortasun urriko ezintasunaren baldintza eta izaera egiaztatzeko agiria ere bai. Oinarri guztiak getaria.eus Getariako Udalaren webgunean daude ikusgai.