Abian jarri du Getariako EH Bilduk Herri Programa osatzeko dinamika parte hartzailea

Urola Kostako Hitza 2018ko abenduaren 14a

2019-2023 udal agintaldirako ‘Hariz hari Getaria harilkatzen’ prozesua hasi dute. Udal hauteskundeetarako programa osatzeko, eragileekin eta herritarrekin biltzen ari dira.

Getariako EH Bilduko kideak. (Argazkia: Getariako EH Bildu) 2019ko udal hauteskundeetarako EH Bilduren herri programa osatzeko, Hariz hari Getaria harilkatzen dinamika parte hartzailea abiatu dute. Dinamikaren lehen urratsa udan egin zuten arren, herriko eragile eta elkarteekin biltzen hasi dira beste behin. Herritar eta auzotarren ekarpenak biltzea dute hurrengo pausoa. Alde batetik, 250 herritarrek azken urteetan udal jardueran antzeman dituzten alderdi positiboak eta hutsuneak jaso dituzte. Bestetik, EH Bilduren Hauteskunde Batzordeak eta zinegotzi taldeak udalgintzan egindako lana puntuz puntu aztertu eta balorazioa osatu dute. Harro daude koalizioko kideak: "Duela lau urte abiatu genuen Herri Programa ia guztia osatu eta aurreikusi ez ziren hainbat ekimen ere egin dira". Hala ere, hobetu beharreko gauzak ere identifikatu dituztela aitortu dute. Herriko eragile eta elkarteekin harremanetan jarri eta biltzea da dinamikaren hurrengo urratsa. Azken agintaldiaren balantzea egin nahi dute, hurrengorako dituzten beharrak ezagutze aldera. Horretarako eskura emandako gutun baten bidez gonbidatu dituzte eragile eta elkarteak, eta horietako batzuekin biltzen ere hasi dira dagoeneko. Herritarrekin eta auzotarrekin bildu eta ekarpenak jasotzea izango da dinamikaren hurrengo pausoa. Abenduaren 18tik otsailaren 5era bitarte egingo dituzte bilkurak, eta 2019-2023 agintaldirakoEH Bilduren Herri Programa osatzea izango da azken urratsa. Getariar oro gonbidatu dute prozesuan parte hartzera, guztien artean Herri Programa aberatsagoa, zehatzagoa eta zabalagoa osatu dezaten. Hirigintza, zerbitzuak eta ingurumenak izango dituzte hizketagai abenduaren 18an; parte hartzeaz eta gardentasunaz arituko dira urtarrilaren 8an; euskara, kultura, kirola eta aisia aztertuko dituzte urtarrilaren 22ko saioan; urtarrilaren 29an parekidetasunaz eta gizarte politikaz jardungo dute; eta, azkenik, garapen ekonomikoa, turismoa, nekazaritza, arrantza, industria eta ostalaritza arloak aztertuko dituzte otsailaren 5ean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide