Aitor Urrestiren kontrako pintaketak salatu dituzte Getariako EAJk eta EH Bilduk

Urola Kostako Hitza 2018ko abenduaren 11

Aitor Urresti Getariako EAJren alkategaiaren etxearen atarian haren kontrako pintaketak azaldu izana "irmoki" salatu du Getariako EAJk, ohar batez bidez. EH Bilduk "elkartasun eta babes" osoa adierazi dio Urrestiri. Getariako Udalak gaitzespena adierazi du, udala osatzen duten alderdi politiko guztiek onartutako adierazpen instituzionalean.

Atzo azaldu ziren pintaketa horietan A.Urresti al gulagGora ETA eta Gora langile borroka mezuak idatzita zeudela kritikatu du alderdi jeltzaleak. “Gaur [atzo], abenduak 10, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, agertu dira pintaketak. Horiek guztiz deitoragarriak dira, ez dira onargarriak eta lekuz kanpo daude. Bizikidetzan pausoak ematen ari den gizarte batentzako zama besterik ez dira horrelako ekintzak; argien artean itzaluneak”, adierazi du Getariako EAJk kaleratutako oharrean. Adierazpen askatasun osoa denena dela, baina hori “pertsonen duintasunaren aurka” ezin dela inoiz erabili adierazi du Getariako alderdi jeltzaleak, “ezta bide demokratikoekin ere”. Aitor Urresti EAJko alkategaiari “babes osoa” azaldu diote bere alderdikideek, eta Getariako Udalari, berriz, “ekintza hauek irmoki salatzeko” eskatu diote. EH Bilduk "elkartasun eta babes osoa" adierazi dio Urrestiri, eta, bide batez, edonork duela bere proiektu politikoa modu libre eta baketsuan defendatzeko eta herritarren ordezkari publiko izateko eskubidea aldarrikatu dute. Getarian eta Euskal Herrian oinarrizko eskubide guztien defentsa egitea dagokiela uste du EH Bilduk, eta ahaleginak horretan jarriko dituztela argi utzi dute. Horregatik guztiagatik, horrelako gertaerek herrian lekurik ez dutela salatu dute. Amaitzeko, azken urteetan elkarbizitzan emandako urratsak “sendotzen eta indartzen” jarraitzeko konpromisoa adierazi nahi izan du koalizioak. Getariako Udalaren adierazpen instituzionala, pintaketen harira Pintaketen harira adierazpen instituzionala onartu dute udala osatzen duten alderdi guztiek. Babesa adierazteaz gain, oinarrizko eskubideen defentsan lan egiteko konpromisoan berretsi da. Hona hemen adierazpen instituzionala, osorik: Getariako Udalak bere gaitzespena adierazi nahi du, atzo, 2018ko abenduaren 11an, Bista Ona parkean Aitor Urresti Getariako Udaleko Zinegotziaren aurka agertu ziren pintaketen aurrean. Herri mailako edozein kargu publiko herritarrekin zuzeneko harremanean dagoen heinean, honelako ekintzak onartezinak dira eta herritarrak bizitza publikotik aldentzen dituzte. Kontuan izan behar da herritarren parte-hartze politikoa ezinbestekoa dela gure herria eraikitzen jarraitzeko. Demokrazia batean ideia ezberdinak hitzaren bitartez eztabaidatzen dira, ikuspegi ezberdinekin, baina helburu bakarrarekin: Getaria aurrera ateratzea. Horrelako jarrerek, ordea, hau oztopatu eta pertsonei min egitea bakarrik dute jomuga. Horregatik, Getariako Udaleko Alderdi Politikook ondorengoa adierazten dugu: 1.-Getariako Udalak, horrelako ekintzak arbuiatzen ditu, inongo momentuan Udal honek ez baititu horrelako erasoak onartuko edozein herritarren aurka. 2.-Getariako Udalak, bere babesa eta elkartasuna adierazten dizkio Aitor Urresti udaleko zinegotziari eta bere ingurukoei jasotako erasoaren aurrean. 3.-Getarian eta Euskal Herrian oinarrizko eskubide guztien defentsan egitea dagokigu eta ahalegin guztiak egingo ditugu hori lortzeko. Horregatik horrelako ekintzek ez dute lekurik gurean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide