Sahatsagako etxebizitza sustapeneko baldintzetan aldaketak eskatu ditu Getariako EAJk

Urola Kostako Hitza 2018ko abe. 10a, 11:26

Guztira, hiru aldaketa proposatu dituzte jeltzaleek: gazteentzako etxebizitza gehiago, 35 urtetik gorako eta bakarrik bizi direnentzako aukerak sortzea eta etxibizitza handienak familia ugarientzako izatea.

Getariako EAJk aldaketak eskatu ditu urriaren 11n EH Bilduk "azkatasunez eta presaka" udalbatzarrean onartu zituzten Sahatsagako II. fasean eraikiko diren  babes ofizialeko eta tasatuak diren etxebizitzen esleipenerako oinarrietan. Zehazki, hiru dira jeltzaleek etxebizitzen banaketan proposatutako aldaketak: gazteentzako etxebizitza gehiago gordetzea, 35 urtetik gorako eta bakarrik bizi direnentzako aukerak sortzea, eta azkenik, etxebizitza handienak familia ugarientzako izatea. EAJren udal taldeak salatu zuen EH Bilduk dokumentazioa azken unean luzatu ziela eta testu osoari berrikuspen bat emateko aukera ukatu zietela. Bestetik, baldintzen ordenantza onartu aurretik, getariarren etxebizitza eskatzaile kopurua eta beren ezaugarriak neurtzea beharrezkotzat jo dute. "Proposamena ahalik eta zehatzena egiteko, proiektua Getariatik getariarrentzat izan dadin. Baina nahieran kudeatu dute gaia, inolako oinarririk gabe", gehitu dute jeltzaleek. "Lotsagarria" iruditzen zaie EAJko kideei EH Bilduk prozesu honi ekitea "beharrak zein diren aztertu gabe". 35 urtetik beherako gazteen kasuan, sektore horrentzako etxebizitza gehiago gordetzea proposatu du EAJk, gazteek bizi proiektu "zabalagoa" eta "berme handiagokoa" izan dezaten. Kolektibo honek krisiarekin jasandakoa nabarmendu du Aitor Urresti bozeramaileak: "Lan prekarietatea, kontratu motz eta tenporalak, soldata txikiak... Bizi proiektu asko bertan etenda daude emantzipazio ahalera ezagatik. Eta hau aukera bat da gazte talde guztientzat, gure herriaren etorkizunarentzat, hain zuzen. Promozio txikia izanik, berme berezia behar dutela deritzogu, geure herrian hazi direnak herrian gera daitezen". Familia ugarientzako, aldiz, etxebizitza handienak gordetzea proposatu dute: "Espazioan izaten dute arazo nagusia, beraz, promozioko etxebizitza handienak beraiei zuzenduak egon beharko luketeela deritzogu. Horregatik 8-7-17 etxebizitzak kendu eta 3-4-13 etxebizitzak sektore honi ematea proposatu dugu, dauden handienak baitira", azaldu du Urrestik. Bestetik, getariarrei eman nahi die etxebizitzak eskuratzeko  lehentasuna. Hori dela eta, azken 10 urteetan Getarian 5 urtez erroldatuta egotea proposatu dute jeltzaleek, besteak beste. EAJk udal gobernuak gaiaren inguruko hausnarketa egin behar duela uste du: "Askotan familia eta kopuruetan jartzen da arreta promozio publikoko etxeak egiterakoan, baina kontuan izan behar dugu familia ereduak aldatzen ari direla, eta esaterako, guraso bakarreko familiak ere badaudela, eta honelako baremoekin hauen aukerak oso eskasak direla horrelako etxe bat lortzeko. Eta hau ez badugu kontuan hartzen gizatalde bat alde batera uzten ari gara. Kontzeptu hauek erakundeetan barneratzea gure lana da, eta horren lidergoa eramango du EAJ Getariak administrazioaren modernizazio prozesuen barruan".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide