Argazkia: Aritz Mutiozabal.
Zazpi urte eta erdiz izan da Nika Lertxundi Getariako alkatea. Haren hitzetan, 2011ko udal hauteskundetan Euskal Herriak bizi zuen “ezohiko egoerak” eraman zuen EH Bilduren zerrendaburua izateko konpromisoa hartzera.
“Ohore bat” izan dela dio Lertxundik. Hala, positiboki baloratu du urteotan getariarren alde egindako lana: “Uste dut gure herriak ongi merezia zuen aldaketarako hainbat urrats eman ditugula, eta lortu dugula orain dela zortzi urte baino herri hobea izatea”. Lan horren guztiaren ageriko aurpegia Lertxundi izan arren, “oinarrian” lanean jardun duen taldeari zuzendu zaio: “Ni talde horren ordezkaria naiz, eta beraiek gabe ezinezkoa litzateke egin diren aurrerapausoak egitea”.
Herriari udaleko hainbat gaitan parte hartzeko aukera ireki zaiola uste du alkateak. Gogoan izan ditu zazpi urte hauetan abiatutako proiektuak, besteak beste, udalak zuen zorra murriztea eta hainbat obra.
Ibilbide horretan inguruan izan dituenei eskerrak eman dizkie: bere taldean egon diren zinegotziei, udal langileei, familiari eta lagunei, eta baita oposizioan egon diren zinegotziei ere.
Udalgintzako aroa bukatuko du ekainean: “Gero, beste batzuen garaia izango da, baina ni hor izango naute, bidelagun”. Horrez gain, EH Bildutik aurkeztuko duten zerrendari berari emandako babes eta aukera bera emateko eskatu die herritarrei: “Oinarri bera dugu, etorkizunean Getaria hobea egiten lagunduko duen oinarria”.