Getariako EH Bilduren udal gobernua informazioa ezkutatzen ari dela salatu du EAJk

Urola Kostako Hitza 2018ko urriaren 27a

EH Bilduk informazioa ezkutatu eta oposizioa isilaraztea salatu du EAJk. Jeltzaleen iritziz, "errespetu demokratiko faltaren" erakusle dira jarrera horiek.

EH Bildu udalean ezarritako prozedurak eta denborak nahieran saltatu eta informazioa ezkutatzen ari dela salatu dute Getariako jeltzaleek. “Oraintsu arte Getariako Udalean Osoko Bilkura eta batzorde multzo bat egin hoi zen bi-hiru hilabetetik behin. Orain, hilabete bateko epean 3 deitu dituzte eta oso gai mardulekin: bi bilkura eta batzorde bat, non herritarrei zuzenki eragiten dieten eta oso garrantzitsu diren gaiak eraman dituzten: terrazen ordenantza, Sahatsaga Goiko etxebizitzen esleipena eta zergen ordenantza", azaldu dute. EH Bilduk onartu egin ditu proiektuak, eta "denbora eta planifikazio faltatik" harago, informazioa ezkutatzen, aldebakartasunez eta interes konkretu batzuei erantzunez jokatu izana salatu du EAJk. Horrez gain, urriaren 22 eta 24an ere oposizioaren ekarpenak kontuan izan gabe 48 ordu baino gutxiagora proposamenak onartu dituztela salatu dute. Hala, oposizioa isilaraztea egotzi dio EAJk udal gobernuari. Jeltzaleen iritziz, horrelako jarrerak "errespetu demokratiko faltaren" erakusle dira. Hainbatetan kexatu direla azaldu dute jeltzaleek, baina "behin eta berriz" errepikatzen dela ikusirik, azken batzordean eta bilkuran parte ez hartzea erabaki dute. “Aldebakartasunez jarduten dute, ez gobernantza, ez kolaborazioa. Ez dugu inposizioaren jokoan sartu nahi. Gure herrigintzaren eredua gardentasunean, komunikazio aktiboan eta elkarlanean dago oinarritua.  Zergatik ez da zuzenki herritarrei eragiten dien gaia udal barruan eztabaidatu? Eta are gehiago, zergatik ez zaie herritarrei egin kontsulta? Zergatik ez da Udala herritarrekin bildu getariarren poltsikoari zuzen-zuzenean eragiten dieten zergei buruz euren iritzia jasotzeko?” galdegin dute. Prozedurak eta denborak errespetatzeko eskatu du EAJk.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide